Murrizketek ama-eskolatik haurrak sailkatzea dakartela salatu dute sindikatuek
Lanpostu murrizketak salatzeko, irakaskuntza arloko sindikatuek mobilizazio eta grebak deitu dituzte gaurko eta biharko. Murrizketen ondorioz, zailtasunak dituzten umeak laguntzeko RASED sarea kinka larrian dagoela salatu zuten atzo. Gaur elkarretaratzea eginen dute Pauen.
Ainize BUTRON | BAIONA
Urteak daramatzate irakaskuntza publikoko irakasleen sindikatuek lanpostu eta baliabide murrizketek haurrei eskaintzen zaien irakaskuntzaren kalitatea txartzen duela esaten.
Astearte gauean egindako agerraldian, SNUipp-FSU64 sindikatuak RASED sareak bizi duen egoera salatu zuen bereziki. Zailtasunak dituzten haurrei laguntzeko irakasle adituen sare hori formazio berezia ematen duten irakasleek, laguntzaile pedagogikoek eta psikologoek osatzen dute.
«Sare horrek zailtasunak dituzten haurrei laguntza ematen die. Familia eta irakasleen arteko zubi izateaz gain, haurren jarraipen zehatza kitorik eta eskola orduetan eskaintzen dute», zehaztu zuen Katy Petrissans sindikatuko kideak.
Hortaz, RASED ezinbestekotzat jo zuen Petrissansek, bereziki ikasgeletan haur kopuruak gora egiten ari dela kontuan harturik. Azken bost urteotan sare horretako langile kopurua %46 murriztu dute, eta, aurten, lanaldi osoz ari zirenak lanaldi erdira pasa dituztela salatu zuen Petrissansek. «Gainera, sarean aritzeko irakasleei eskaintzen zitzaien formazioa bertan behera utzi dute, eta, ordezkaririk ez dagoela-eta, postuak ixten ari dira», zehaztu zuen. Hala, elkarretaratzea deitua dute sindikatuek gaur Pauen, eta arratsaldean Departamenduko Akademia Ikuskaritzako ordezkariekin biltzekoak dira, «RASEDen birmoldaketa sistema zentzugabekeria» dela argi uzteko.
Ipar Euskal Herriari buruzko datu zehatzik ez zuen eman, baina, aurten, Pirinio Atlantikoetako departamenduan irakaskuntzan 46 lanpostu kenduko dituztela jakinarazi zuen sindikatuak. Horietarik 25 umeei laguntza ematen dietenak dira, beste hiru postu pedagogia aholkulariak dira, eta, azkenik, hemezortzi, irakasle lanpostuak. Murrizketa horiek ostiralean finkatuko ditu ofizialki Akademia Ikuskaritzak, urteroko eskola karta plazaratuta. «Irakasleak gara, baina gero eta zailago da gure lana egitea. Ikasgeletan ditugun haurren kopuruak gora doaz etengabe», nabarmendu zuen Katy Petrissansek. RASEDen desagertzearekin, ahulduak diren haurrak lagundu ezinik dabiltzala erran zuen. «Eskola sistematik baztertuak dira. Hezkuntza sistemaren egungo helburua ez da haurrak txikitatik sailkatzea».
Mobilizazioak
Lanpostu gutxitzeak jasango dituzten Ipar Euskal Herriko hainbat eskola publikotan (Ortzaize, Barkoxe, Urdiñarbe-Montori, Maule eta Baionako La Citadelle) okupazioak eginen dituzte gurasoek gaur. Sindikatuek, berriz, greba eguna deitu dute gaur eta biharko, baina mobilizazio egun garrantzitsuena biharkoa izanen dela iragarri dute. Greba deitzeaz gain, goizean Pauen elkarretaratzera deitua dute. «Jada ez dakigu nondik heldu arazoari, eta murrizketa guzti horiek haurrek pairatzen dituzte», erran zuen azkenik Petrissansek.
Biga Bai sare elebiduneko guraso elkarteak urteko bilana egin zuen atzo, eta datorren martxoaren 31ko «Deiadar» manifestaldirako deia zabaldu zuen. Orokorrean, egindako lanarekin pozik agertu zen, baina irakaskuntzaren garapenerako Hezkuntza administrazioarekin izandako hartu-emanak txartzat eman zituen. Iaz euskarari administrazio mailako ezagupena emanen liokeen estatutu bat sortzea eskatu zioten akademiako errektore buruari, baita Hezkuntza Ministerioari ere. Eskaera horiek erantzunik gabe geratu izana deitoratu zuen elkarteak. Izan ere, euskararen irakaskuntza ikastetxeetan orokortzea, eta, ume txikientzat murgiltze eredua hedatzea aldarrikatu zituen Biga Baik atzo eta gaur egun ikastetxe publikoetan sare elebidun eta elebakarren artean sortzen den lehia gaitzetsi zuen elkarteak. Uztaritzeko gurasoek egin duten protestaren karietara, «euskararen irakaskuntza eskubide» bat dela esan zuen. «Giro lasaian eskola horretako guraso eta irakasleekin bilduko gara», esan zuen. Azkenik, administrazioarekin ez ezik, Biga Baik Euskararen Erakunde Publikoarekin ere hartu-emanetan arazoak dituztela jakinarazi zuten. IA.B.
Biga Bai eta Ikas-Bi guraso elkarteek egoera salatu zuten. Itxierak sare elebidunari «beste arrisku bat gehitzen» diola salatu zuen Biga Bai-k. Barkoxe eta Ortzaizen euskarazko postuen erdiak kenduko dituzte.