Elikadura krisiaren ondorioz, 450 milioi haurren bizia arriskuan da
Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak azken txostenean ohartarazi duenez, 450 milioi haur hil litezke datozen hamabost urteetan, gosetearen eta desnutrizioaren ondorioz. Txostenean, gaitzari aurre egiteko neurriak eta politikariei eginiko eskariak bildu dituzte.
GARA | MADRIL
Gosetearen eta desnutrizioaren aurkako neurririk hartu ezean, datozen 15 urteetan 450 milioi haurrek euren adimen eta gorputzaren garapenean atzerapenak jasango dituztela ohartarazi du Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak, argitaratu duen azken txostenean.
Gobernuz kanpoko erakundeak dioenaren arabera, orduro 300 haur hiltzen dira munduan desnutrizioaren ondorioz -urteko 7.600.000 heriotzetatik 2.600.000-, hain zuzen, haurren heriotza tasaren herena.
Bizirautea lortzen duten umeek kalte larri atzeraezinak izaten dituzte. Mundu osoan, gutxienez 170 milioi haurrek atzerapenak izaten dituzte hazkuntzan, ez dute lortzen batez besteko altuera izatea, eta errendimendu eskasa izaten dute ikasketetan.
Desnutrizioa murrizte aldera azken 20 urteetan izandako aurrerapenak mantsoegiak izan direla salatu du erakundeak, eta klima aldaketa, elikagaien prezio ezegonkorrak eta aldaketa demografikoak gehiago geldotzen ari direla.
Lucia Losoviz, Save the Children erakundeko nazioarteko programen arduradunaren esanetan, «haurrek beharrezkoa duten elikadura jasotzeko eta mundu mailan desnutrizio krisia behin betiko amaitzeko urte erabakigarria da aurtengoa. Datorren urterako uzten badugu, Milurteko Garapen Helburuetako laugarrena betetzeko beranduegi izango da».
Bost urtetik beherako ia bi milioi haurren heriotza saihesteko, elikagai osagarriak erabiltzea eta ohitura osasungarriak bultzatzea -eskuak garbitzea edota amarengandik edoskitzea- proposatzen du erakundeak. Elikadura adituen arabera halako neurri sinple eta zuzenak desnutrizioari aurre egiteko eraginkorrak izan ohi dira.
Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak, 1919an Londresen sortuak, desnutrizioari eta goseteari aurre egiteko neurri sinpleak har ditzatela eskatu die munduko liderrei eta garapen bideko herrialdeei.
Horrez gain, G-8 eta G-20ko buruzagi politikoei eskatu die euren bilerak baliatu ditzatela, gaitz hau erauzteko egitasmoak sortu eta bideratzeko.
Haurren urteko heriotza tasaren herena desnutrizioak eragiten du, hau da, 7.600.000 heriotzetatik 2.600.000. Adituek dioetenaren arabera, egoera nabarmen alda liteke neurri sinple eta zuzenak jarriz gero.