GARA > Idatzia > Kultura

Badiolak Lakuari: «Tabakaleratik joan nahi badute, joan daitezela»

Aldundiak ez dio Tabakalerari buruzko liskarrari denbora gehiago eman nahi. Ikerne Badiola kultura diputatuak egunkari honi atzo azaldu zionez, «Garaziren hitzak desitxuratu egin ziren» eta Lakuak hartu behar duen erabakia hartzeko eskatu zuen.

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Kultura zuzendariak, Garazi Lopez de Etxezarretak, Artelekuri buruz esandako hitzek hautsak harrotu dituzte berriz ere Tabakalerako proiektuaren inguruan. Kultura zuzendariak gipuzkoar egunkari bati egindako adierazpenetan azaldu zuenez, Aldundiak Arteleku Tabakaleraren bidetik kanpo uztea erabaki du oraingoz, zentro berriko zuzendaria izendatu bitartean. Marisol Garmendiak ordea, Donostiako Udaleko zinegotziak (PSE-EE), Tabakalera «hilko» dutela aurpegiratu zion Aldundiari Arteleku proiektutik kanpo utziz gero.

Adierazpen horiek entzunda, Aldundiak ohar bat bidali zuen atzo, baina dirudienez, azkena izango da. Ohar horretan, Garmendiak halako adierazpenak egiteko arrazoi bakarra «Aldundiak Tabakalerako Administrazio Kontseiluari zer jakinarazi dion ez jakitea» dela adierazi dute. «Aldundiak ez du sekula esan Arteleku kendu nahi dionik Tabakalerari, are gutxiago orain, noiz-eta tabako fabrika zaharraren proiektuak daukan sormen jarduera nagusia eta ideia-sortzailea Foru Aldundia bera elikatzen ari denean», dio jarraian oharrak.

Egunkari honek Ikerne Badiola Kultura, Kirol eta Gazteria alorreko diputatuarekin hitz egin zuen, eta honek azaldu zuenez, ez diote «denbora» gehiago eskainiko iskanbila honi guztiari. «Garaziren hitzak desitxuratu egin ziren. Bere ahotik ez da inoiz atera Arteleku bereizten dugunik. Hasieratik gure intentzioa ez da izan Mitxel Ezquiagak adierazitakoa eta are gutxiago Marisol Garmendiak botatakoak», adierazi zuen Badiolak.

Iskanbilaz nekatuta

Artelekurena Tabakaleraren ibilbidean sortutako azken liskarra da, baina ez lehena. Horren aurretik, Lakuak eman zuen horretarako pausoa. Izan ere, Administrazio Kontseiluak urtarrilean egindako bileran Lakuak bere parte-hartzea bertan behera uzteko aukera mahai gaineratu zuen, Tabakalera Donostia 2016 bulegoarekin elkartzeko aukera onartzen ez bazen. Baina, azkenean, Lakuak ez zuen erantzunik eman ultimatum horri buruz.

«Joko politiko bat da, eta niri, egia esan, Garmendiak esaten dituenak bost axola. Kontua da hor atzean badagoela estrategia politiko bat, eta nolabait, gobernuak hartuta edo hartzear daukan erabakia prestatzen ari da. Gu ez gaude jokoa egiteko, ez dugu denbora gehiago galduko kontu hauekin. Alde egin nahi badute, alde egin dezatela», esan zuen nazkatuta Lakuaren ultimatumari erreferentzia eginez. «Badirudi oraindik ere badagoela norbait -Aldundiak bidalitako oharrak dioenez, Lakua bera- Tabakalera proiektuari aipua kendu nahi diona eta horrek eragiten digu gehien. Zintzo jokatu behar dugula iruditzen zaigu, seriotasunez eta benetan Tabakalerarekiko apustua guztiona baldin bada, ez ditugu gauza hauek ulertzen», azaldu zuen.

Zuzendari berriaren zain

Aldundiak oharrean azaltzen duenez, «Tabakalerako zuzendari berriak zentro berriaren eduki kulturalak definitzen dituen bitartean, Artelekuk bere bidea egiten jarraitu behar du eta euskal sortzaileei zerbitzua ematen; ahal bada, kemen handiagoarekin eta artisten inplikazio handiagoarekin. Arteleku, abiatu ere, orain dela 25 urte abiarazi baitzuen Imanol Muruak, eta `fabrika' hori nazioartean ereduzko bihurtu. Tabakalerako kultura zuzendari berriak, noski, Artelekurekin batera lan egingo du, Tabakaleraren ernamuinean egon dadin arte sorkuntzako zentro paregabe hori». «Ezin duguna egin bi proiektuak norabiderik gabe utzi», gehitu zuen Badiolak.

ESTRATEGIA

«Iskanbila guztien atzean badago estrategia politiko bat eta Gobernuak hartuta edo hartzear daukan erabakia prestatzen ari da. Gu ez gaude jokoa egiteko, ez dugu denbora gehiago galduko kontu hauekin», zioen atzo Ikerne Badiola Kulturako diputatuak.

DESITXURAKETA

«Garazi Lopez de Etxezarretaren hitzak desitxuratu egin ziren. Bere ahotik ez da inoiz atera Arteleku bereizten dugunik. Hasieratik gure intentzioa ez da izan Mitxel Ezquiagak adierazitakoa eta are gutxiago Marisol Garmendiak botatakoa», azaldu zuen Badiolak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo