Seaskako ordezko irakasleen egoera salatzeko sinadurak biltzen hasi da LAB
A.B. | BAIONA
Seaskako ordezko irakasleei Hezkuntza Ministerioko Administrazioren jokabideak sortzen dien egoera «jasangaitza» salatu zuen atzo LAB sindikatuak.
Hezkuntza Ministerioko zerbitzuak Pauen zeuden bitartean arazoak larriak baziren ere, Dordoinara aldatu direnetik egoerak okerrera egin duela azaldu zuten. Eta bai sindikatuak eta bai Seaskak arazoa konpontzeko urratsak eman badituzte ere, erantzunik gabe geratu dira. Bide guztiak agortu dituztela-eta, LABek auzitara joatea erabaki du. Hala ere, auziak hiru urte iraungo luke, eta ez luke konponduko arazoa.
2008tik borrokan
Herritar orori dei eginez, sinadura-bilketa kanpaina abiatu du sindikatuak. Bereziki Katixa Lizant irakaslearen egoera salatu zuen sindikatuak. 2008tik soldata finko bat eskuratzeko borrokatzen ari dela esan zuen. Behar baino gehiago jasotzetik batere ez jasotzera pasa izan da lau urteotan, eta horrek zergak ordaintzeko orduan arazoak sortu dizkiola argitu zuen. «Ibilmolde arazo bat dago. Ez dago inongo loturarik Administrazioaren eta zerga zerbitzuaren artean», salatu zuten.