GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Eskubideak, esku-bidez

Eskuen borrokakoa dugu oraingo garaia. Pertsona beraren esku biena, zeingehiagoka. Esku batean mugikorra, artaziak bestean, batean zein bestean besoaren berezko luzapen modernoa bailiren; betiko atzazalen kalterako. Kolpea ere eskuko telefonoari mugikorra esatea! Bai zera! Ipini ezazu mahai horizontal baten gainean eta ea gai den mugitzeko! Baten batek deituz gero, orduantxe mugitzen da pitin bat, baina inondik ere ez mugikorra esateko beste! Mesedez! Mugikorra da eskuaren azkenean den pertsonak mugitu egiten duelako, bestela ez, Fatiman bertan ere ez. Total, akabo lehengo garaiak non beti zen eskuan hatzen bat libre sudurzuloen barrunbe mukitsuak gozatzeko; oraingo aukera bakarra behatzak dira. Yoga egin behar horretarako! Ama, ama! Artaziak, bai, guraizeak, denak zorrotz batean, mozteko irrikitan, handik eta hemendik di-da, baina itsuan izan barik irizpidedun, badaezpada, ez ote den mozten osorik gura den hori.

Erreformaz erreforma ari dira, alternatibarik ez omen duen irteera gabeko norabide itsuan. Begiak sobera dauzkate, eskuekin nahiko. Batarekin mozteko etenik gabe, bestearekin moztu egin dela mugikorretik esateko. Erre ke erre! Halako erreformak ereiten dituenak errautsen uzta bildu beharko luke planeta jator batean, han, hor eta hemen. Nonoiz, planetak beste menderen batzuk biziko balitu sikiera, orduko arkeologoek zalantza ederra izango dute indusketako errautsei begira: sumendiaren ondorio, Gomorra legez, ala erreformen ondorio, Atenasen hasita legez? Ez dute lan makala izango, ez!

Orduko entziklopediak berak ere oso desberdinak izango dira, seguruenik. Metroa, kasurako, ez da horietan ageriko garai batean distantziako luzera neurtzeko erabilitako sistema unibertsal modura, baizik eta geroago bilbotarrek Bilbo Handiko distantziak denboraz neurtzeko propio erabilzen zuten sistema unibertsal modura. Eta segurua izan daitekeena da orduan gurean geratuko den gatazka bakarra metrokoa izatea. Dena dela, ezin patronal handiari utzi berak aurkitu nahiko lukeen printzipioa, Aurkimedesena, entziklopedia horietan agertzen: lan gatazka batean sartutako enpresari orok kaleratutako langile kopuruaren pareko bultzada jasango du bere irabazietan. Ezin birtualak erreala gainditzen utzi ere. Eskubideak esku-bidez bermatu behar badira ere. Eskuen borroka, bai, batzuenak eta besteenak, norgehiagoka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo