GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Berria | Xabier Etxaniz Rojo 2012/2/16

Aurrekontua

Larunbata. Goizeko zortzi eta erdiak. Bost gradu zero azpitik. Eskola-kirola programaren barruan, gure alaba Garazik futbol partida bat jokatu behar du.

-Noren kontra jokatuko duzue? -galdetu diot dardarka.

-Presentacion de Maria eskolakoen kontra.

-Eta onak al dira?

(...) berehala jakin dut aise irabaziko dutela partida. Janzkerari erreparatzea baino ez dago emaitza jakiteko. Zehatz-mehatz, azpiko arropari.

Gure ikastolako jokalariek praka eta elastiko termikoak daramatzate ikastolako kirol-jantziaren azpitik, Quechua markakoak, Decathlon-en edota Forum Sport-en erositakoak. Denek koloretako eskularruak. Zortzi jokalari dira, zortzi neska-mutil ilehori, euskaldun, musugorri. Presentacion de Mariakoak ere zortzi dira, denak -bat izan ezik- etorkin hegoamerikarren seme-alabak, B ereduko gettho bihurtutako ikastetxe batekoak. Zortzi neska-mutil beltzaran, argal, txiki. Gehienak praka motzetan, kamiseta hutsean, hotzak akabatzen.

Paradoxikoki, Quechua-rik ez hegoamerikarrentzat.

Partida amaitu da eta, espero bezala, erraz irabazi dugu. 11-2 markagailuan. Haatik, Kristinak sartutako hat trick-a alde batera utzita, ez dut pozteko aparteko ziorik.

Izan ere, aurrekontuak berdintzen ez diren bitartean, gure gizartearen liga honek mokordo handi bat izaten jarraituko baitu.

Barça eta Madril ez dira bakarrak kamisetaren -edo azpiko arroparen- laguntzaz irabazten dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo