GARA > Idatzia > Mundua

Irango gerra-ontziak Mediterraneo itsasoan, Mendebaldea urduritzeko

Suezeko kanaletik barrena, atzo iritsi ziren Mediterraneo itsasora Irango hainbat gerra-ontzi. Teherango Gobernuak esandakoaren arabera, «Irango Errepublika Islamikoaren ahalmena» azaltzea da bidaiaren helburua. «Bake mezua» daramate ontziek, baina Israel urduri dago.

GARA |

Suezeko kanaletik barrena Mediterraneo itsasora iritsi dira Irango itsasontzi militarrak, herrialde horren eta Mendebaldeko potentzien arteko tentsioa gero eta handiagoa denean. Teherango Gobernuak abian jarritako egitasmo nuklearra eta horren aurrean Mendebaldeak hartu duen jarrera, alde batetik, eta Indian eta Thailandian Israelgo interesen aurka egin berri diren erasoak, bestetik, daude tentsio horren atzean.

Israelgo agintariek jakinarazi dute gerra-ontzi horien mugimenduak zainduko dituztela, herrialdeko itsasertzera hurbildu ez daitezen.

IRNA Irango berri agentzia ofizialak emandako informazioaren arabera, Habibola Sayari almiranteak jakinarazi zuen itsasontzi militarrak dagoeneko Suez pasata zutela. Ez zuen argitu ez zenbat ontzi diren, ez zein motatakoak.

Edonola ere, urtebeteko epean egindako tankerako bigarren bidaia da egunotakoa, eta lehenengoan gertatu moduan, oraingoan ere operazioaren helburua «Irango Islamiar Errepublikaren ahalmena» erakustea da. France Presse berri agentziak esan zuen «Shahid Qandi» destruktorea eta «Kharg» hornidura-ontzia izan daitezkeela Mediterraneo itsasoan dabiltzanak. Aipatu agentziak gogorarazi zuen ontzi horiek zirela, Irango egunkarien arabera, Itsaso Gorriko Saudi Arabiako portu batean duela gutxi egun batzuk egin zituztenak.

Sayari almiranteak ontziek «bake eta laguntasun mezua» daramatela esan badu ere, Mendebaldeko potentziek ez dute ondo hartu ekimena. Orain ia urtebete beste bi ontzik gauza bera egin zutenean, oso erreakzio gogorra izan zuten, batez ere Israelek eta AEBek. Obamaren ordezkari bat Israelera iritsi zen atzo.

«gerra hotza»

Hague britainiar Atzerri ministroak esan du Irango egitasmo nuklearrak «beste Gerra Hotz» bat eragin dezakeela, beste herrialde batzuek ere arma atomikoak lortu nahiko dituzte-eta. Ez zuen Israel aipatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo