GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Gotzon Landeta | Irakaslea

Gobernarien modernitate atzerakoi eta faltsuaz

 

Lehengo egunean, etxean zehar sukaldean piztutako irratiko uhinen dantzak Sortzen-Ikasbatuaz erakundeak D ereduaren alde egindako adierazpena zabaldu zuen. Haien esanetan, eredu horren aldeko apustua euskararen eta munduko hizkuntzen aldeko benetako aukera ekologiko, progresista eta aurrerakoia da, gezurrezko moderni- tateari uko egin beharrez.

Urte askotan zehar, gure jendarteak D ereduaren aldeko jarrera bere egin du, eta horren froga argia dira hainbat herri eta hiritan euskal eredu horretan matrikulatu diren milaka ume horiek. Horrez gain, eredu hori gure komunitateko hizkuntza guztien ezagutza bermatzen duen bakarra dela ondorioztatzen zuten datuak argitara eman zirela badira urte batzuk, eta datu horiek agerian uzten zuten A eta B ereduek nekez betetzen zutela funtzio hori.

Harrezkero, zaparrada batzuk igaro dira, denbora nahikoa gure biztanleria eredu erdaldunen antzutasunaz ohartzeko. Gure gainetik –eta gainetik diot, ezen hein honetan, nork sinetsiko du gure agintariak herriaren borondatearen ordezkariak direla?– hamaika gobernu eta ordezkari pasatu dira, zein baino zein zuhurragoak, zein baino zein azkarragoak (sakelak betetzeko behintzat), baina gure kulturari dagokionez, ia denak itsu eta gor ibili dira. Horiek guztiek hizkuntza eta kulturarekiko sentsibilitatea atzeko partean duten zulo ilun horretan zokoraturik izan dute, gaueko inpunitateak aukerarik emanez gero hortik irteten den gai marroi horrekin batera estolda usaintsu eta zikinenetara igortzeko. Orain krisia aitzakia ezin hobea ei da urtetan lortu den onarpena eta laguntza eskasak kakatara bidaltzeko. Hor aipatzekoak ditugu euskal komunikabideak eta Nafarroako eskolak eta ikastolak, besteak beste.   

Lehen hala, gaur hola, bihar ez jakin nola (norbaiti entzunda diot hori aspaldi), baina jendarteak euskal ereduaren alde egiten duen apustu historiko hori handituz doa, hasierako erreka ibai bihurtuz eta ibaia uholde, uholde bat egungo mandatariek lastozko presa batekin galgatu gura dutena, A ereduaren bertsio berria den hiru eledun ereduarekin besteak beste, horrekin euskarak jendarteari berez eransten dion abangoardiari muzin egin guran. Eta hori gauzatzeko lehengo esames antzu eta faltsuetara jotzen dute, ingelesaren garrantzia, euskara zabaldu gura dugunon ikuspuntu berekoi eta atzerakoia… Esamesak inondik ere, lehen gaztelera eta frantsesa inposatzeko erabiliak, orain ingelesak mundu mailan duen garrantzia dela-eta hizkuntza hori zabaldu behar dela esanik, baina dagoeneko inteligentzia apur bat duen batek sinesten ez dituenak. Izan ere, kontziente izan gaitezen D ereduan bertan ingelesak baduela hizkuntza komunitatean behar duen presentzia, eta gura izanez gero, beste hizkuntzaren bat ere (Hegoaldean frantsesa, adibidez) sar liteke, bakoitzari Euskal Herrian lekuan lekuko jendartean duten garrantziaren araberako  lehentasuna emanez.

Zoritxarrez, oraingoz gobernuen modernitatea atzerakoia da, aurrera jotzeko aitzakian formula zahar inposatzaile eta baztertzaileak ezarri nahian baitabiltza. Sasoi berriak datoz orain, eta sasoi hauek gure herriaren kultura indartzeko baliatu behar ditugu. Hala da ze, gobernuek eta inguruko instituzioek aukera ezin hobea dute atzeko zuloz baino bihotzez sentikor agertzeko, gure herriaren nortasuna eta etorkizuna horren baitan baitago, eta ez gure lurra suntsitu gura duten abiadura handia eta bestelako azpiegitura erraldoi suntsitzaile horien baitan. Natura zaintzeaz gain, jasangarri eta ekologiko jokatzea gure hizkuntzak berez behar duen maila onartzean datza.

Atzetik bide bat eginda daukagu, eta gure hizkuntza gutxitu eta baztertuari ezin diogu kale egin, ezin dugu estolda zikin batean alboratu, Nafarroako Gobernuko ale batzuek egin gura luketen legez (horretan behintzat eskarmentu handia dute). Jon Maiak idatzitako abesti baten letrak itsasoa garela adierazten du, eta sasoi berri hauetan itsasoko ur horren oldarrak gobernarien modernitate atzerakoi antzua eta faltsua itoko ahal du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo