GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Xabier IZAGA Kazetaria

Eskuina eta legea

 

Igandean Antonio Alvarez-Solisek espainiar eskuinak orain arte izan duen jarrera belikoari eusten diola zioen txoko honetan bertan. Baiki, orain arte eta etengabe izan duena. Lehen Errestaurazioaren aurretik eta ondoren, Errepublikan, azken diktaduran eta diktadura ostean. Hona eskuin espainolaren merituetako batzuk. Bigarren Errepublikaren lehen aldian izan ziren gizarte aurrerakuntzak desegitea, Lerrouxen Gobernua sostengatu zuenean; 1936an, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituenean, faxistekin bat egitea. Eta Franco hil zenean, demokrata bihurtu zen atzera berriro. Gaur egungo eskuina hori bera da, etenik gabe egunotara iritsi eta Fragarekin hil ez dena.

PPren diskurtsoaren arabera, alderdiaren Kongresuan Cospedal andreak baina batez ere Aznarrek adierazi zutenez, haren jarduna legearen inperioan oinarritua da. Ez da berria, ordea. PPk lehen aldiz Madrilgo Gobernua eskuratu zuenean ere, horixe izan zuen lelo nagusi, PSOEk eratu zuen gerra zikina gogoan. Behin eta berriz esan zuten eurek ez zutela horrelako bidezidorrik hartuko eta legea beteko zutela. Eta legeak aldatu zituzten txitean-pitean, legeak onartzen ez zituen prozedurak legezko eginez, salbuespena lege. Beti egin izan duten bezala, estatu kolpe batetik sortutako diktadurari demokrazia organikoa esateraino.

Ez nuke lerrook pesimismo erakusgarri gisa hartzerik nahi, aurrean zer jende klase dugun gogorarazi baizik. Baina eurek ere kontuan izan behar dute berekin bat ez zetozen guztiak suntsitzen saiatu zirela (bide batez, oraindik ere damurik erakutsi gabe) eta ez zutela lortu. Eta hilda nahi lituzketen horiek Euskal Herrian inoiz baino indartsu, kementsu eta ugariago daudela.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo