Eguraldia lagun, umeek hartu zituzten atzo Tolosako kaleak
Inauteri kutunek herriak guztiz hartu dituzten honetan, badira festaren gailurra gaur ospatuko dutenak, Etxarri Aranatz, Ituren, Altsasu eta Lantz kasu; beste batzuek, berriz, Bilbok eta Tolosak tartean, Sardinaren Hileta ekitaldia egingo dute gauean, aurtengoz festei agur esateko. Atzo, Tolosan, ehunka gaztetxo izan ziren desfileetako protagonista nagusiak.
GARA | TOLOSA
Ajeari buelta eman eta metatzen ari den nekeari aurre eginez, kaleak, beste behin ere, kolorez jositako mozorroz bete ziren atzo. Zaldunita eguneko kontu eta komeriak oroitzapenen kutxan txukun-txukun gordeta, umorez eta algaraz jantzitako beste egun bat izan zen atzokoa, eta Tolosan, iluntzera arte behintzat, txikienak izan ziren protagonista nagusiak.
Euskal Herriko herri askotan inauteriak hurrengo urtera arte agurtu dituzte jada; eta beste batzuek gaur Sardinaren Hileta ikuskizuna egin ondotik hartuko dute atsedena. Talde horretan daude Bilbo edota Tolosa.
Duela ordu batzuk, ordea, tolosar askorentzat egunik kutunena den astelenita igaro berri dugu. Atzo goiz-goizetik jendez lepo ziren Tolosako kaleak; izan ere, ehunka gaztetxo batu ziren desfile ikusgarrian. Asteburuan bezalaxe, atzo ere tren geltokietan Tolosarako norabidea zeramaten trenak ziren beteen zeudenak. Atzokoan, gainera, eguraldiaren babesean igaro zen eguna. Karroza eta konpartsek beste behin ere lortu zuten bide bazterrak jendez lepo betetzea, eta irribarreak, algarak eta zurrumurruak gailendu ziren ikusleen artean. Hala izan zen aurreko egunean ere, esaterako, Iñaki Goikoetxearen «Titanic» karroza ikusgarria igarotzean, duela bi urte King Kong erraldoiarekin gertatu zen bezala.
Gaurkoa, ederrena
Baina beste hainbat txokotan gaur ospatuko dute inauterietako egunik xarmangarriena. Etxarri Aranatzen, esaterako, inauterietako egun handia dute, astearteiyote izenaz bedeinkatua. Aurten gainera, herriaren sorreraren 800. urteurrena ospatzen dute. Altsasun ere momorrotxoek hartuko dituzte kaleak arratsaldean, harrapatzen duten oro zirikatu eta probokatzeko. Eta, noski, ezin ahaztu Lantzeko Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko eta konpainia.
Etxarri Aranatzen inauteri egun berezia izango dute gaur, herria sortu zeneko 800. urteurrena ospatzen baitute.