Protesta gogorrak Tibeten, beste immolazio baten ostean
GARA | BEIJING
Ehunka lagun bildu ziren igandean Tibeten, bere buruari su eman zion beste monje bat omentzeko, Txinako Segurtasun Indarrei aurre eginez.
Nangdrol izeneko 18 urteko gaztea budistak, Abako prefekturan, Sichuan probintzian, eman zion su bere buruari, Dalai Lamaren aldeko eta Tibet askearen aldeko aldarriak zabaldu ondoren.
Bere gorpua herriko monasteriora eraman zuten. Txinako Segurtasun Indarrak gorpuaren bila joan zirenean, monasterioko monjeak ukatu egin zieten. Hilotza mila pertsona inguruk gaubeilatu zuten.
Guztira jada gutxienez 23 tibetarrek eman diete su beren buruari urtebetetik beherako epean. Ekintza hauek Txinaren eskutik jasaten duten errepresioa salatzeko eta Dalai Lamaren aldeko jarrera agertzeko izan ohi dira..
Eskubide zibilen defentsarako erakundeak beldur dira tibetarren urte berriaren hasiera dela-eta -otsailaren 22an- monje budisten immolazioak gehituko ez ote diren. Arrisku honen aurrean, Txinako Segurtasun Indarrek jada segurtasun neurriak handitu dituzte.
Tentsioa areagotzen ari da azkenaldian Tibeten eta tibetarrak bizi diren guneetan, batez ere, martxoa hurbiltzen ari den heinean. Martxoan, Tibeten protestak areagotu egiten dira urtero, Dalai Lama erbesteratzera behartu zuen porrot egindako iraultza amaitu zeneko urteurrena hil horretan baita.