Nafarroako Bardoetatik sei taldek lortu dute txapelketaren bigarren faserako sailkatzea
Bost saio izan ditu Nafarroako taldekako txapelketako hirugarren asteburuak eta behin horiek jokatuta amaitu da lehen fasea. Sei taldek lortu dute bigarren faserako sailkatzea. Martxoaren 2an ekingo diote berriro.
GARA | IRUÑEA
Asteburuan jokatu dira Nafarroako taldekako txapelketako lehen faseko azken saioak eta Nafarroako Bertsozale elkarteak adierazi zuenez, sei taldek lortu dute bigarren faserako sailkatzea: aurreko astetik sailkatuta zegoen Leitzako Leitzaundi taldearekin batera, Oronoz-Malerrekako Erauntsi, Barañaingo Beteranoak, Etxarriko Bilixkorriko, Auritz-Iruñeko Bertze Maldikoak eta Lesakako Rimak Exkaxko.
Ostiralean hiru saio jokatu ziren. Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, etxeko Xirristi-Mirristi eta Malerrekako Erauntsi taldekoak 40 entzuleren aurrean aritu ziren bertsotan. Erauntsik irabazi zuen saioa eta beren bigarren garaipena lortuta, bigarren faserako txartela lortu zuen.
Leitzan ere 40 entzule inguru elkartu ziren Aurrera elkartean Leitza ta leitzarrak eta Malerrekako Jituk taldeen saioa entzuteko. Etxekoek irabazi zuten saioa, modu horretan D multzoko hiru taldeak berdinduta gelditu ziren, saio bana irabazita. Saio bakoitzean izandako puntuazioa erabakigarria izan zen eta azkenean Barañaingo Beteranoak taldeak lortu zuen multzo horretatik bigarren fasera pasatzea. Bi taldeen arteko bertso saioa amaituta, omenaldi xume eta hunkigarria egin zioten gainera hil berri den Manuel Lasarte bertsolariari, haren hainbat bertso abestuz.
Ostiraleko azken saioa Lesakan jokatu zen, eta herriko Rimak Exkaxko eta Araitz-Beteluko Mailope izan zituen protagonista. 50 bat lagunek segitu zuten bertsolarien lana. Etxekoek eraman zuten saioa eta horrekin batera hurrengo faserako txartela.
Larunbatean Uitzin eta Iruñean izan ziren bi saioek amaiera eman zioten Bardoak 2012ko lehen faseari. Uitzin Larraungo Hautsi eta barratu eta Auritz-Iruñeko Bertze Maldikoko taldeetako sei bertsolariak aritu ziren bertsotan. Saio puntuagarria amaituta, Bertze Maldikokoek eraman zuten saioa eta bigarren faserako sailkatu.
Iruñean 50 lagun hurbildu ziren Dizerdit eta Etxarriko Bilixkorrikoren arteko saioaz gozatzera. Afaria izan zen lehenik, eta ondoren bertso saioa. Bilixkorrikok lortu zuen bere bigarren saioa irabaztea, hortaz Sakanako taldea ere bigarren fasean arituko da.
Sei saio bigarren fasean
Bigarren faserako sailkatzea lortu duten sei talde horiek bina saio jokatu beharko dituzte, buelta bikoitzean, bat etxean eta bestea kanpoan. Horrela gelditu dira bigarren faseko saioak: Leitzaundi-Erauntsi; Beteranoak-Bilixkorriko eta Bertze Maldikoak-Rimak Exkaxko.
Bardoak 2012k hurrengo asteburuan atsedenaldia izango du. Bigarren fasea martxoaren 2tik 18ra luzatuko da, eta sei saioak jokatuko dira hiru asteburu horietan. Hurrengo egunotan, sailkatu diren taldeek adostuko dute beren saioak noiz eta non jokatuko dituzten. Horren gaineko informazio osoa www.bardoak.com atarian argitaratuko dute.