Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Ezta gutxieneko soldata ere!
Ipuin saioak ez dira askotan jendeak uste bezain zoragarriak. Izaten dira amaitu eta dena pikutara bidaltzeko gogoa ematen dutenak eta etxera bueltan pentsamendu bat duzu bueltaka: «Zenbatean ordaindu beharko litzateke halakorik? Merezi al du?».
Erantzuna Barañaingo auditoriumaren aurtengo egitarauaren aurkezpenean topatu dut: Zer kobratuko dute? Publikoak, sarrerak erosiz, erabakitzen duena. Sarrera gehiago salduz, gehiago kobratuko dute. Hitzez hitz kopiatu dut. Beste era batera uler daiteke ordea; Barañaingo Udalak ez du ezer ordainduko kultur egitarauagatik. Beharbada usteko du sortzaileen lanak ez duela ezer balio, edo ikusleak, ustezko ikusleak, erabakiko duela artistak jan behar duen edo ez. Exajeratua naizela? «Arriskua? Erabatekoa. Inork ez die bermatzen bidaiak, ezta hotelak..., ezta gutxieneko salarioa ere!».
Eman dezagun Barañaingo auditoriumeko arduradunaren soldata saltzen diren sarreren araberakoa dela; edo txartelak diseinatzen duenarena; edo inprentakoarena. Zer pentsatuko lukete? Eta gainera, udalak hori aurkeztuko balu zirkuko saio baten antzera: «Jaun-andreak, zailago oraindik! Agian ez dute kobratuko!». Ba hori pentsatzen dugu hainbat udalek sarreraren truke lan egitea eskaintzen duten bakoitzean, sortzaileen bizirautea zoriaren esku utziz, kultura sustatzeko euren ardura gainetik kenduz. Lan Erreforma gurekin aspaldian eta isilean ari dira aplikatzen, gutxieneko soldatarako eskubidea «artisten» kapritxoa balitz bezala. Dena dela, oraindik entzun behar dugun esaldia da: «Gustukoa duzuena egin eta gainera kobratu? Zuek bizi zarete zuek!». Eta zuk zer pentsatzen duzu?