Mikel Aramendi Kazetaria
Itsuak itsua gida badeza...
Kanpotik ikusita itsu-joko baldresa dirudien hau, barrutik izan daiteke karta-jokalari argi bezain iruzurtien arteko beste emanaldi bat, non denek badakiten mahaikideren batek galdu egin beharko duela, baina nork berea irabaztea espero duen
Aspaldikoa da esapidea eta, inon izatekotan, Ekialde Ertainean behar du izan zuzenkien aditua; beraz, nekez egin dezakegu aburu zahar horren ezjakintasunaren juzgu Irani erasotzeko egitasmoen inguruan dabilen berbaroa. Aldi berean, eraso horren funtsaz Meir Daganen ebazpena -«Neure bizitzan aditu dudan burutaziorik ergelena da»- arbuiatzeko arrazoirik ikusteke jarraitzen dudanez...
Esplikazioa izan daiteke badirela itsuak... bere itsutasunaren ezaguera garbirik ez dutenak eta, bide batez, beste edonoren gidari izateko gai sentitzen direnak. Litekeena da Israelgo agintari politikoen kasua halatsu izatea. Baina Iran bonbardatzera joan eta -atarikoa besterik ez baita izango erasoa- gero etxera itzuli eta ondoren etor daitekeenari aurre egiteko ikusmen apur bat bederen beharko duten militar israeldarrek ere zerbait esango dute. Agian, Daganen hitzak ez ziren bereak soilik.
Ameriketako Estatu Batuetatik edota NATOtik Israelen edozein astakeria babestu eta ahalbidetu behar dela deritzotenen kasua ere hor nonbait dabil. Irakeko abenturaren bultzagileak dira ia den-denak, eta «balentria» hark erakarri dien hondamen estrategikotik irten nahian dabiltza, sator itsuen moduan: zuloa aurrerago eramanez. Baina AEBetan ere izango da -lanbideagatik, besterik ez bada- ikusmen gehixeago duenik. Israel itsumutil dutela nora doazen igartzeko eta erasoaren ondoren letorkeena aurreikusteko. Ormuzeko itsasbidea dabil denen ahotan, baina posibilitateetako bat besterik ez da; ez lehena, ez eta arriskutsuena, beharbada. Erasoa jasaten badu, zer egingo du Iranek sinatua duen Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Tratatuarekin? Itun hori ezetsi eta argiro arma nuklearrak egiteari ekin/jarraitzen badio, zer egin behar dute AEBek? Irak bider lau batean sartu? Noren laguntzarekin? Iranen etsai zuzenak diren herrialde arabiarrek musu-truk espero ote dezakete erasoaren pagotxa?
Kanpotik ikusita, itsu-joko baldresa dirudien hau, barrutik izan daiteke karta-jokalari argi bezain iruzurtien arteko beste emanaldi bat, non denek badakiten mahaikideren batek galdu egin beharko duela, baina nork berea irabaztea espero duen. Israelek badaki luzarora Iranen arma nuklearrak ez direla Pakistanenak baino arriskutsuagoak beretzat, baina hark Iraken doan lortu duen garaipen estrategikoa ahuldu, Hezbolak eta Hamasek egiten dioten presioa arindu eta, batez ere, AEBekiko aliantzaren gidaritza bere eskuetan dagoela erakutsi behar du... bere burua eta mundua arriskuan ipiniko baditu ere. AEBek badakite hori guztia, eta gerretatik ihes egin nahian dabiltzanean bide horrek berriro gerraren ildora (eta kostuetara) itzularazten dituela; baina haren ordez baliarazi nahi izan duten diplomazia ere ez da emankorragoa izan: Irani ezarri zaizkion zigorren ondorio nagusia izan da hango barne oposizioa ia erabat desagerraraztea.
Ez dira bateraezinak bi ikuspegiak. Ezaguna da jokoaren itsugarritasuna. Eta ezagunagoa gerra askoren sorburuan kalkulu oker bat zegoela batez ere.