Bil ta Garbik udan ekingo dio Sarrikotapeko Mendixka hondakindegia eraikitzeari
Mendixka hondakindegiaren lanak udan abiatuko dira. Hala jakinarazi du Bil ta Garbi mankomunitateak. Bertan, 80.000 biztanleren hondakinak bereizi, balioa eman eta gerakinak lurperatuko direla iragarri du. Bildutakoaren %35 bakarrik lurperatuko dela agindu dute.
A.M. | BAIONA
Ipar Euskal Herriko herri gehienen etxe-hondakinen bilketaz eta tratamenduaz arduratzen den Bil ta Garbi mankomunitateak jakinarazi du uda honetan hasiko direla Zuberoako hondakindegia eraikitzeko lanak.
Sarrikotapea herriko Mendixka gunean kokatuta, hondakinak bereizteko, balorizatzeko eta lurperatzeko zentro bat izango dela azaldu dute. Bertan, barnealdeko, Zuberoako eta Bearnoko hiru kantonamenduetako 80.000 biztanleen hondakinak tratatuko dituzte. Baionako hiri-aglomeraziorako beste proiektu bat dauka Bil ta Garbik (Canopia).
Hondakinak bereizi, birziklatu edo konposta egitera bideratzeko asmoa dute. Mankomunitatearen esanetan, gaur egun hondakinen %80 lurperatu egiten da, baina Mendixka gunea abian jartzen delarik, ez da %35 baino gehiago lurperatuko.
Konposta egiteko, urtero 20.000 tona etxe-hondakin organiko eta 2.600 tona landare-hondakin erabiltzea kalkulatzen dute. Horrez gain, 16.000 tona hondakin «ez arriskutsu» eta inguruko enpresa txikien beste 2.000 tona tratatuko dira guneko 16 hektareetan.
Polemika
Mendixka proiektuak polemika sortu zuen hasieratik herritarren artean. Terre Verte taldeak auzibidean ere jarri zuen Bil ta Garbi, lehenik herri bide bat lanetarako erabiltzeagatik, eta bigarrenik, eraikitze baimena eskatzerakoan legeak ezartzen dituen betebehar guztiak ez betetzeagatik.
Hala eta guztiz ere, Alain Iriart Bil ta Garbiko lehendakariak ez du uste auzi horiek proiektua oztopatuko dutenik: «Horrelakoak beti izan ohi dira baina guk baimen guztiak baditugu eta laster batean hasiko ditugu lanak», esan du.
Hondakindegiak 2013ko bukaerarako prest izan beharko luke.
Mendixka guneko lanek urte eta erdi iraungo dute. 2014rako funtzionatzen hasiko dela aurreikusi du Bil ta Garbik, Bordeleko hondakindegiarekin egun duen kontratua data horretarako amaitua izango baita.