Udalen egoera ekonomikoa hobetzeko finantza eredua aldatu nahi du Bilduk
Udalen finantziazio sistemak aldaketa sakona behar duela adierazi zuten atzo Bilduko ordezkariek Donostian, gaur egun indarrean dagoenak «porrot egin» duela iritzita. Egungo egoera EAJ, PSE eta UPNren kudeaketa eredu «eskasak» ekarri duela baieztatu zuten.
Ana ABARIZKETA | DONOSTIA
Bilduko udal ordezkaritza batek agerraldia egin zuen atzo Donostian, azken asteetan puri-purian dagoen gaiaz, alegia, udalen finantziazioaz, koalizioak zein ikuspuntu duen azaltzeko. Hain zuzen, udalak «etorkizuneko Euskal Herriaren oinarri» izatea nahi dutela nabarmenduta, gaur egungo egoera errotik aldatu beharra dagoela eta, Hego Euskal Herriko udaletako ordezkari diren heinean, udalak finantzatzeko «eredu berri bat» beharrezkotzat jotzen dutela azaldu zuten.
«Udalen finantziazio eredu berri baten gainean hausnarketa eta eztabaida egin beharra dagoela aldarrikatzen dugu, eragile politiko eta sozialei irekitako eztabaida, hain zuzen ere», esan zuen Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek. Finantziazio sistema aldatzeak Ekarpen Legean aldaketak egitea eta Udal Legea udalak kontuan hartuta egitea eskatzen duela gaineratu zuen.
Donostiako alkateaz gain, Zarauzko alkate Juan Luis Ilarramendi eta Igorreko ordezkari Iñaki Iturriotz eta Karmele Aurrekoetxeak parte hartu zuten Donostian emandako prentsaurrekoan. Ondorio horietara heldu aurretik urteetan indarrean egon den «eredu txarraren herentziaz» mintzatu ziren. «Udalak egituraketa instituzionalaren azken geltoki bilakatu» direla salatu zuen Izagirrek, horren errudun nagusitzat gaur egungo finantziazio eredua joz.
Egungo krisi ekonomikoak, baita instituzioen egoera ekonomiko «eskasak» ere, egoera ageriago uzten lagundu duela esan zuten, baina ez dela oraingo kontua. «Egiturazko krisi baten aurrean gaude, finantziazio ereduak ez du balio, porrot egin du, eta aurrera begira eredu aldaketa derrigorrezkoa da», berretsi zuten.
Gogorarazi zuten udal finantziazioa beste instituzio batzuek dituzten zerga-bilketa eskumen eta ahalmenaren arabera zehazten dela, eta banaketarako irizpideek ez dutela herrien benetako premiarik kontuan hartzen gaineratu. Euskal herritarrei «inposatu» zaien marko politiko eta juridikoak ez duela «udalerrien beharrak asetzeko balio» kritikatu zuten. «Udaletan bizi dugun egoera, marko politiko eta juridikoaren agortzearen sintoma gordin bat baino ez da».
Era berean, azken urteetan «hainbat eta hainbat zerbitzuren bikoizketa» gertatu dela eta, ondorioz, udalek beste instituzioen eskumenak hartu behar izan dituztela salatu zuten, kasu askotan finantzazio iraunkorra izateko baliabiderik gabe; horrek finantziazioaren «egonkortasun eza» ekarri du.
Udalen finantziazio arazoak hiritarrei eragiten dien kontua dela esan zuten amaitzeko, «ez Bilduren arazo bat». Egoera konpontzeko modu bakarra hausnarketa egitea eta hortik aldaketa sakona bideratzea da.
EAJk, PSEk eta UPNk kudeaketa «eskasa» egin dutela esan zuten, neurrigabeko diru xahutzean oinarritutakoa, «azpiegitura erraldoien alde lan eginez», besteak beste.
Eudelen Batzorde Agintariak, Martin Garitano ahaldun nagusiari gutun bat bidaliz, eskaera formala egin zion atzo Gipuzkoako Aldundiari, Finantzen Lurralde Kontseilua «ahalik eta azkarren» dei dezan.
Udalen elkarteak jakinarazi zuen Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak «komunikabideen bitartez» ezagutarazitako planteamenduaren ondoren egin duela eskaera Eudelek; izan ere, foru diputatuak udalekin komunikazioa izateko talde bat sortzea proposatu zuen.
Era berean, Eudelek esandakoaren arabera, foru arau horren 3. artikuluak ahalmena ematen dio Udalen Elkarteari Kontseiluko kideak izendatzeko. Horren haritik, Eudelek adierazi zuen asmoa duela hori egiteko, Gipuzkoako ordezkaritza politikoaren irizpideak aintzat hartuta.
Horrela, indarrean dagoen foru arautegia betez, eta, batez ere, foru eta udal erakundeen arteko lankidetza eraginkorrerako bideak bermatzeko asmoz, Eudelen Batzorde Agintariak eskaera egin zion ahaldun nagusiari «ahalik eta azkarren» egin dezan aipatutako Kontseilua egiteko deialdia. GARA
Eudel eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, euren egitekoa udalen autonomia defendatzea izan arren, udalen egungo egoera ekiditeko «urratsik ez egitea» leporatu zieten.