GARA > Idatzia > Mundua

Manifestazioa Afganistanen, AEBetako soldaduek koranak erre dituztela-eta

Milaka afganiar elkartu ziren AEBek herrialdean duten base militar handienaren aurrean, atzerriko soldaduek Koranaren hainbat ale erre izana salatzeko. NATOk igorritako komunikatu baten bitartez barkamena eskatu eta «nahigabe eginiko hutsegitea» izan zela adierazi zuen.

p024_f01-199x116.jpg

GARA | KABUL

Ameriketako Estatu Batuek Afganistanen duten base militar handienaren aurrean milaka lagun bildu ziren bart, atzerriko soldaduek Koranaren hainbat ale erre zituztela salatzeko. Horiez gain, Kabulen beste 500 lagun kontzentratu ziren.

John Allen NATOko Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarren (ISAF) komandante buruak, ohar baten bidez, barkamena eskatu zion «Afganistango herri zintzoari», Bagram baseko soldaduek «era desegokian hainbat dokumentu islamiar, tartean koranak, hartu zituztelako».

Allen jeneralak, ordea, ez zuen koranak erre zituztenik aipatu, Afganistango poliziak hala egin zutela salatu arren. Halere, gertaera ikertzeko agindua eman zuen.

«Gertakizun hauen berri izan orduko esku hartu dugu eta (protagonistak) atxilotu egin ditugu. Berreskuratutako dokumentuak berehala itzuliko dizkiogu dagokionari», gehitu zuen Allenek.

Atzerriko soldaduek maiz egin dituzte horrelako profanazioak, eta horiek, Afganistango herritarrak haserrarazi, eta protesta ugari eragin dituzte.

«Gertaera sakon ikertuko dugu eta beharrezko neurriak ezarriko ditugu berriro gerta ez dadin. Zin egiten dizuet, gertakari hau ez dela, inondik inora, nahita eginikoa izan», ziurtatu zuen Allen jeneralak.

«Eskerrak eman nahi dizkiet afganiarrei hutsegite honen berri eman eta berehala zuzentzen laguntzeagatik», zioen amaieran John Allen ISAFeko komandante buruak igorritako komunikatuak.

Islamaren, Afganistango herritarren eta orokorrean jokamolde arauen aurkako gertaerak ohikoak dira NATOko soldaduen artean. Urtarril hasieran AEBetako lau marine hilik zeuden ustezko talibanen gainean pixa egiten agertzen ziren Interneten zintzilikatutako bideo batean, eta beste batean, britainiar soldaduak haur afganiarrei euren sexu-organoak ukitzeko eskatzen.

2011ko apirilean hamar pertsona hil eta ehunka zauritu ziren, Terry Jones artzain estatubatuarrak koran bat erre ostean izandako manifestazioan.

2.000 lagun

Manifestazioan «gutxienez 2.000 pertsonak» hartu zutela parte adierazi zuen Afganistango polizia agente batek. Islamaren liburu sakratuaren aurkako erasoak gogor salatu ohi dituzte Afganistanen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo