Kalerarock: elkartasuna eta aldarrikapena azken ziegaraino hel dadila
Datorren larunbatean, otsailaren 25ean, Durangoko Landako guneak presoen eta iheslarien aldeko 24 orduko ekimena hartuko du; kale animazioa, musika jaialdia eta herri bazkaria ez dira faltako. Ekitaldia izango da, bestalde, euskal errepresaliatuen aldeko Herrira plataforma Bizkaian aurkezteko abagune egokia. Hil honen hasieran, Kursaalen egin zen bezala, antolatzaileek Durangon ere ahalik eta aulki gehien betetzea espero dute.
Alvaro HILARIO | DURANGO
Urtarrilaren 7ko manifestazio kolosalaren itzala luzea da; izan ere, gero eta ugariagoak dira euskal preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko ekimenak. Larunbat honetan Durangoko Landako gunean ospatuko den Kalerarock horietako bat dugu. «Gure helburuen aldeko jarrera duten herritarrekin eta eremu guztiekin batera lan egin nahi dugu, horiei entzunez, elkarlana bultzatuz, mugimendu partehartzaile eta zabal bat eratuz», azaldu zioten antolatzaileek GARAri. Musika sentsibilitate desberdinak batzeko tresna egokia dela deritzote.
Aurtengoa aurrenekoa izan arren, Kalerarockek badu datozen urteotan jarraitzeko asmoa, Hatortxurockek zabaldutako bideari jarraituta. Bertaratzen direnek mota guztietako jarduerak aurkituko badituzte ere, musika jaialdia izango da ekitaldiaren osagai nagusia.
Vomito eta Des-kontrol
Jaialdia 17.30ean hasiko da, baina aurreko orduak berotzeko ardura Elektrotxarangak, batukadak eta trikitilariek izango dute. Zazpi dira Landako erakustazokako kontzertuan parte hartuko duten taldeak: Ze esatek?, Vomito, Bizardunak, Habeas Corpus, Obrint pas, Des-kontrol eta Betagarri. Zortzigarrenak, Trikizio taldeak, Plateruenan eskainiko du berea gainerakoak amaituta koan (goizaldeko hirurak inguruan).
Herri, garai, adin eta estilo ezberdinetako musikariak diren arren, talde hauek guztiak, besteak beste, matxinoekiko zein errepresaliatuekiko konpromisoak batzen ditu, euren kantetako hitzetan behin baino gehiagotan erakutsi dutenez.
Ska, hardcore, punk zahar eta folk doinuak entzun ahal izango dira Kalerarock jaialdi berrian. Parada ederra oholtzetara bueltatu den Vomito -80ko hamarkadaren talde historikoetako bat- eta Des-kontrol punkak kontzertu berean ikusteko. «Gazteagoen» artean, talde historiko bi izango dira, Habeas Corpus (Madril) eta Betagarri.
Aukera ona izango dute musikazaleek gurera gutxitan etorri den taldea, Obrint pas (Kataluniakoak), zuzenean ikusteko. Bestalde, udan agerraldi nahikotxo izan dituzten arren, egongo da, oraindik ere, Bizardunak eta Ze esatek? ikusi ez dituenik: ez dezatela horiek larunbateko aukera galdu.
Atzo, herrietan eta auzoetan saldu gabeko sarrerak bildu, eta Durangon eta Bilbon jarri zituzten salgai. Sarean ere, «www.kalerarock.org»-en, larunbatera arte izango da horiek eskuratzeko aukera.
Umeentzako tailerrek, Elektrotxarangak, graffitiek, batukadak eta joaldunek emango diote hasiera ekitaldiari eguerdiko hamabietan, Durangoko kaleak erritmoz eta elkartasunaz betez.
Ordubetera, ekitaldi politikoaren txanda helduko da, hots, Herrira plataforma Bizkaian aurkezteko saioa. Antolatzaileek bertara joan daitezen dei berezia egiten diete hiritar guztiei. Hori bukatutakoan, bertan egongo den karpan bazkaltzeko aukera (taloak, ogitartekoak eta bildots errearen anoak) izango dute bertaratutakoek. Nahi duenak mahaiak eta aulkiak izango ditu eskura. Ordaintzeko dirua baino ez da erabiliko. Trikitilariak eta Elektrotxaranga arituko dira bazkaria girotzeko lanean. 17.30ean, Landako erakustazokan eta bi agertoki ezberdinetan, hasiko da zazpi taldek emango duten kontzertua (Ze esatek?, Vomito, Bizardunak, Habeas Corpus, Obrint pas, Des-kontrol eta Betagarri). Horiek amaitutakoan, goizeko hiruretan, Trikizio taldea taularatuko da Plateruenan. Bien bitartean, arratsaldeko zazpietatik aurrera eta gorputzak utzi arte, karpan DJ Bull izango dugu.
Txosna ere ipiniko dute antolatzaileek, Plateruena antzoki aurrean. Sarreren salmenta bikaina izaten ari bada ere, gaur erosteko aukera izango da Durangon (Kalekantoi, Intxaurre eta Plateruena) eta Bilbon (Errondabide). Larunbatean, Landako gunean bertan ere sarrerak salgai egongo dira. A.H.