M-15 mugimendua aldaketak eragiteko gogo biziz sortu zela dio ikerketa batek
Jon ADAN | BILBO
Bilboko M-15 ez zen «eskaleen», krisia jasaten dutenen edo sistemak baztertutakoen mugimendua izan. Zenbait astez, maiatzean eta ekainean batez ere, Arriaga antzokiaren aurrean kanpatu zirenek 30 urte zituzten batez beste, unibertsitateko ikasketak eta lana zuten, baina batez ere, gizartean aldaketak eragiteko gogo bizia zuten. Hori dio Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroak egin duen ikerketak.
Gazteen Euskal Behatokiaren laguntzarekin Bilboko M-15 mugimenduari buruz egindako ikerketa honek ondoko helburua izan du: mobilizazio horren gizarte dinamikak, parte-hartzaileen profila, sortzeko motibazioak eta hori eraikitzeko antolakuntza mekanismoak ulertzen laguntzea. Horrez gain, helburuak argitu eta ekimenak izandako arrakastan eragin duten faktoreak, kanpokoak zein barnekoak, aztertu dituzte.
Ikerketaren emaitzak
Mobilizazio horren barne dinamikari dagokionez, emozioa izan zen eragile nagusia; alegia, denon haserrea eta besteekiko topaketa pertsonala balio nagusi bihurtu ziren. Parte-hartzaileen profilari dagokionez, gehienak banaka eta elkarrekiko helburu bat izan gabe heldu ziren. Bestetik, mugimenduak jarduera multzo argia izan zuen eta horri esker herritarrek mugimendu hori identifikatu ahal izan zuten. Horrez gain, kontu handia izan zuen bere irudia zaintzen, gizartearen gehiengoarentzat erakargarri izateko helburuarekin; hala sistemaren subertsioa eskatu beharrean, sistema horren erreforma sakona eskatu zuten.
Horren harira eta sintesi gisa, M-15 mugimenduak zenbait hausnarketa eta erronka plazaratu zituen: Lehena, gardentasuna sustatuko duten erakunde motak beharrezkoak direla, bai herritarrei kudeaketa publikoaren inguruko datuak eskuratzeko aukera emateko, baita aukerak hartzeko prozesuei dagokienez ere. Bigarrena, botere publikoen eta interes ekonomikoen artean autonomia handiagoa agerian utzi behar dela.
Bestalde, mugimenduak beharrezkotzat jotzen ditu zenbait eragile sozial barne hartuko dituen politikak egiteko prozesuak. Eta azkenik, mugimendu sozialek, bai eta alderdi politikoek eta sindikatuek ere, gizarte parte-hartzea sustatzeko dituzten praktikak eta estrategiak aztertu behar dituztela.