GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Zuzenbide estatuaz

Zuzenbide eta demokrazia ustel horren aurrean, bidea jorratzen jarraitu beharra daukagu, benetako zuzenbidea, gure herriarentzako benetako bide zuzena, eta benetako demokrazia eraikitzearren

Estado de derecho terminoa ez da berria inorentzat. Kantsatu arte errepikatua izaten da. Politikariek komodin moduan erabiltzen dute, edozeri egia santu kutsua emateko edota edozeren gainean zalantza guztiak ezabatzeko. Milaka bider entzuten dugu agintearen ahotik: herritarrek agintearen gustukoa ez den zerbait eginez gero, «no cabe dentro de los parámetros del estado de derecho»; langile edo ikasleen protestek molestatzen dutenean «no son acordes con el estado de derecho y como tal tienen que ser penalizadas»; aginteak egiten duena justifikatzeko ere balio du formula honek, egiten duten edozeren helburua «defender el estado de derecho» baita.

Gaztelerazko derecho berbaren polisemiak edonor engaina lezake. Izan ere, derecho horren atzean ez da «eskubide» esanahia ezkutatzen. Estatuaren helburua ez da eskubideak defendatzea, aspaldi utzi zion herritarrak babesteari. Ez da, beraz, «eskubide estatua», «zuzenbide estatua» baino. Zuzenbidean oinarritzen den estatua. Hala ere, euskarazko berbak ere ez digu adierazten berez bide zuzena izan beharko litzatekeena zelan bihurtzen den bide oker.

Rajoyk atzo Kongresuan esan zuen moduan, Gobernuaren funtzio bakarra legea betearaztea omen da. Eta jakina, Gobernuak berak aldez aurretik ezarri dituen legeez ari gara. Honela, aginteak erabakitzen du zeintzuk lege nahi eta behar dituen disidentziaren kontra. Honek azaltzen ditu ad hoc egindako legeak, doktrinak, ilegalizazioak eta abarrak. Dena oso legal eta zuzena. Aginte bera arduratzen da lege horiek nahi duenean aplikatzeaz edota ezikusiarena egiteaz. Honela espetxeratze eta kondena aleatorioak eguneroko ogia izan ahal dira, torturatzaileentzako sariak diren bezala. Eta aginte horixe bera da interes partikular horien bermea eta azken erantzulea. Zirrikiturik ere ez.

Espainiar Estatuak bakarrik gogoratzen du -eta nahi duenean- principio de legalidad deitzen den hori eta interesatuki ahazten du bera ere lege guztiak betetzera behartuta dagoela. Era berean, zuzenbide estatu batean egiten duenaz edo egiten ez duenaz herritarren aurrean erantzutera behartuta dagoela ere ahazten du interesatuki, euren buruari «demokratiko» deitzen dioten estatu gehienen antzera.

Zuzenbide estatuak aste honetan berriro jo du, astelehen gauez, gustatzen zaion bezala, inkomunikazio egunak ondo aprobetxatu eta epaileen agendetan enbarazu handirik ez egiteko. Zaharrak izan behar luketen irudiak ekarri dituzte telebistek berriro ere. Baina, jotzeaz gain, abisatu ere egin du: ez gaude prest aurrera begiratzeko, ez eta orainari erreparatzeko ere, atzera egiteko aukera badugu. Aukera hori baliatzeko prest gaude. Ez da jasotzen dugun lehen mezua. Azkena izango ahal da...

Zuzenbide eta demokrazia ustel horren aurrean, bidea jorratzen jarraitu beharra daukagu, benetako zuzenbidea, hau da, gure herriarentzako benetako bide zuzena, eta benetako demokrazia eraikitzearren. Hala ere, aurrera jarraitzeak ezin gaitu erantzunaz eta borrokaz desaktibatu. Onartezina dena benetan onartezin bihurtu eta disidentzia izatetik herritar guztien aldarrikapena izatera pasa dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo