GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Munduko Txapelketa

Euskal taldeak dominak lortzera doaz Eskoziara

Abadiño eta Badaiotz izango dira urrezko dominak kolkoratzeko aukerarik gehien dituzten taldeak.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Gaur abiatuko da Eskozian Goma Gaineko Munduko Txapelketa eta igandean emango zaio amaiera. Euskal taldeak kluben lehiaketan arituko dira, Ñapurrak ezik. Ezpeletakoak selekzio bezala ere arituko dira. Euskal Herriari nazio bezala parte hartzen ez diete uzten, eta talderik gehienak kluben mailan parte hartzea erabaki badute ere, Ñapurrak taldeak Frantziaren izenean ere lehiatzea erabaki du.

«Denen artean hartutako erabakia izan da. Bietan parte hartzeko aukera ikusten genuen eta baietz esan dugu. Gu Euskal Herri osoko federazio bat egotearen aldekoak gara, eta horretan saiatu behar dugu, eta orduan euskal selekzio batean lehiatzea nahi dugu, parte hartzen uzten badigute, behintzat. Baina federazio bakar bat egiteko asko mintzatu behar da, eta garbi dago Ipar Euskal Herrikoek ere zeresana izan beharko genukeela, eta ez Hegoaldeko batzuek nahi bezala ibili», esan zuen Gabi Etxartek, taldeko agintariak.

Ezpeletakoez gain, Abadiño, Sokarri, Amaiur, Ibarra, Badaiotz eta Sakana dira Euskal Herritik bertara joan diren taldeak. Horietatik Abadiño eta Badaiotz izango dira aukerarik gehien duten taldeak.

Abadiñok pasa den Mundialean urrezko bi domina kolkoratu zituen. Bata 600ekoan eta bestea 560 kilokoan. Aurtengorako ere itxaropen handiak dituzte. «Itxaropenak handiak ditugu. Bi pisu hauetan izango dugu euskaldunok aukerarik gehien, eta gu orain bi urtekoa errepikatzera gatoz», dio Edu Mendizabalek, taldeko entrenatzaileak.

Aurkariak

Aurkariei begira jarrita, garbi dauka zeintzuk izango diren zailenak. «Irlandakoak, Ingalaterrakoak eta Ipar Irlandakoak. Bi Irlandak aparte doaz, eta biak izango dira oso zailak. Eskozia etxean arituko da, eta ikusiko da, baina hasiera batean ez dute horrenbeste kezka ematen. Japoniarrekin eta txinatarrekin ere kontuz ibili beharko da», dio Abadiñoko entrenatzaileak.

Gainerako euskal taldeei ere aukerak ikusten dizkie: «Pisu txikian aurrekoan Amaiurrek domina atera zuen, eta aurten ere lor dezake, bai beraiek, edo Sokarrik ere bai. Garbi daukat dominak lortzeko aukerarik gehien hor izango ditugula, pisu txikietan. Handietan oso zaila ikusten dut», dio Abadiño taldeko entrenatzaileak.

«Emakumezkoetan garbi daukat Badaiotzek bi pisuetan aterako dituela dominak, baina urrea oso garesti egongo da», dio Mendizabalek. Ongi ezagutzen ditu arabarrak, Abadiñoko mutilek eta Badaiotz taldeko neskek elkarrekin entrenatzen baitute. «Dominak seguru aterako ditu Badaiotzek, eta Sakanak ere aukerak izango ditu, kontua da nolakoa izango den. Hor Taiwan dago, eta haiei irabaztea oso zaila da. Hasieran sekulako kolpeak jotzen dituzte, eta hor eutsiz gero, irabazteko aukera asko izaten dira, baina eustea da zaila», dio Mendizabalek. Mistoan, sei taldetatik bost euskaldunak izango dira, eta hor seguru lortuko dituzte dominak, baina hor ere Taiwanekin egingo dute topo, eta ez da erraza izango urrea lortzea. Tristeena, ordea, Euskal Herriaren izenean parte hartzerik ez dutela izango da, nahiz eta kluben mailan euskal taldeek gehiengoa izango duten.

selekzioak

Euskal Herriak oraindik ezin du lehiatu selekzio bezala, eta Ñapurrak ez beste guztiek kluben mailakoan bakarrik parte hartuko dute. Ezpeletakoek, izan ere, Frantziako selekzioa ere ordezkatuko dute.

Mistoan

Lehiaketa mistoa lehen aldiz jokatuko da Mundu Txapelketan, eta sei taldetatik bost euskaldunak izango dira. Gutxienez bi domina lortuko dituzte hor, nahiz eta Taiwan menderatzea zaila izango den.

560koarekin abiatuko da txapelketa

Gaur 10.30ean hasiko da Munduko Txapelketa, eta hasteko 560 kiloko neurketak izango dira, mutiletan. Bertan, Abadiño A, Abadiño B, Amaiur, Berriozar, Ñapurrak eta Sokarri izango dira euskal ordezkariak. Emakumezkoak, berriz, ordu erdi bat beranduago hasiko dira, eta lehen egunean, 540 kilokoan lehiatuko dira, eta Badaiotz, Sakana eta Ibarra izango dira euskal ordezkariak.

Arratsaldean, 14.30ean, 640 kilokoan Txapelketa jokatuko da gizonezkoetan, eta hor Ibarra izango da euskal ordezkari bakarra. Honekin amaituko da lehen eguna euskaldunentzat. Bihar, 10.30ean mutilak 600 kilokoan lehiatuko dira. 560 kilotan aritutako euskal talde berak arituko dira, eta hemen Ibarra ere bai. Ordu erdi bat beranduago 500 kilokoan neskek jokatuko dute, eta 540koan arituko diren euskal talde berak arituko dira. 14.30ean, berriz, txapelketa mistoa jokatuko da lehen aldiz, eta 600 kilotan sartuta jokatuko da. Abadiño-Badaiotz, bi talderekin, Ibarra bi talderekin, eta Amaiur-Sakana neurtuko dira. Lau mutilek eta lau neskek osatuko dituzte taldeak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo