Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Josebaren hiper aktibitatea
Ez dakit nola definitu Josebarena; hiperaktibitate edo hiperaktibismo musikala, bietara egokitu daiteke bere dohaina. Gaixotasun kronikoa esango lukete beste batzuek. Mendian makila bat hartu eta harekin bakarka ordu erdi eman ondoren ongi afinatutako sinfonia jotzeko gai dela aitortzea ez da esajerazioa, ezta ere, haren burmuinean, une berean hiru kantu zeharo ezberdin egos daitezkeela esatea. Azken honek, ez luke beste munduko garrantzirik, hiru kantuak, gainera, nortasunez gainezka ez baleude.
Inbidia diodala esatea gutxi esatea da; ez dakit, hain erraza dirudi musikarekin zerikusirik duen ezerk haren eskuetan, ezen egunero gitarrari nota erdi bat lardaskatzea nekez lortzen dugunok harriduraz begiratzen diogun, ea zer «dopin» klase hartzen duen deskubritu nahian. Inbidia ematen digu bere bakarkako hamaika proiektu horietako baten izenean ari denean; inbidia, beste talderen baten mertzenario lanetan ari denean; inbidia, barruko barrunbea une batez pasiatzera ateratzen duenean; inbidia, lotako kantu bat xuxurlatzen digunean ilunpe gozotik.
Horrelakoa da eta inoiz gitarra jotzen ikusi baduzue, bat etorriko zarete nirekin, taula gainean hazten den horietakoa da. Musika egiten hazi egiten da eta tamaina, estilo, jatorri eta modu guztietako taula gainean ibilitakoa denez, jada ez die beldurrik oholtzei. Urte askotan itzalean ibiltzearen abantailak dira horiek. Imajinatu baino gehiagotan entzun duzue haren gitarra zuek ohartu gabe.
Ados, asko sortzeak ez du kalitatezkoa sortzen duzunik ziurtatzen. Aukera gehixeago dituzu, ordea; matematika hutsa da. Asko egin beste gehiena ona denean, berriz, zer esan... Josebaren ezinegon eta konformismo ezari galdetu behar. A! Berako Jozebaz ari naiz.