GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

«Querida mujer»

 

Bideo interesgarriak ikusten dira noiz edo behin sarean. Egunotan ikusi dudanak, ordea, ezin esan asebete nauenik. «Querida mujer» izenpean, Gay Hendricks-ek, Arjuna Ardagh-ek eta gizonezko talde batek barkamena eskatzen diete emakume guztiei historian zehar egindako kalte guztiengatik, eta proposatzen dute energia maskulinoa eta femeninoa batzeko eta desoreka historikoak ezabatzeko. Paternalismo kutsua edukitzeaz gain, modu absolutistak ditu; dena emakumearentzat baina emakumerik gabe. Borondate ona ez da nahikoa, eta norbait errespetatzeko ez da nahikoa «esatea» errespetatzen dugula. Errespetuz tratatu behar da. Mesprezua da «emakume generikoaz» mintzatzea eta, gainera, jainkotzea.

Denak berdindu egiten dituzte, gizakiengandik bereiztu eta kanonetik urrundu, hain zuzen ere lortu nahi denaren kontrakoa. Emakume guztiak ez dira berdinak, ez dira dibinoak, ez dira, ez gara, ez zarete, beste arraza bat. Emakumeok ez dugu behar barkamen-eskaerarik. Sinpleagoa da. Nahikoa da ez gogoraraztea behin eta berriz emakumea zarela, emakume zereginak dituzula, emakume asmoak eta eginbeharrak eremu publikora inkurtzioa egiten duzun bakoitzean. Nahikoa da emakumea izateagatik bizilagunek ez ondorioztatzea zenbait ahalmen, gaitasun edo erantzukizun berezirik duzula eremu pribatuan. Nahikoa da emakumearentzat espazio ezberdindurik ez sortzea. Nahikoa da edozein gizakirena izan behar lituzkeen balioak (enpatia eta enparauak) balio femeninotzat ez jotzea. Gizakiak oro du mundu hau gizatiarrago egiteko engaiamendua, mundua «feminizatzeko» ardura emakumeei eman gabe, arren.