GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Hanburgesa artifizialak jateko garaia

MIkel SUSPERREGI mikel@carbonica.org

Sarritan esaten da behi haragiaren ekoizpenak ingurumenean eragin handia duela, ur eta argindar asko erabiltzen delako jarduera honetan. Behi haragiaren karbono aztarna izugarria da, eta horrez gain, metano isuriak ere sortzen dituzte behiek. Metanoa negutegi efektuko gas boteretsua da, hain zuzen, CO2 baino 24 aldiz bortitzagoa.
Aintzat hartzen badugu munduan haragiaren kontsumoa gora doala, ondoriozta dezakegu okerrera baino ez duela egingo egoera honek.

Gaur egun munduko nekazaritzaren baliabideetatik %70 erabiltzen ditu haragia ekoizteak. Oihan tropikalen txikizioaren arrazoi nagusietako bat da behiak elikatzeko behar diren soja hazien produkziorako eraldatzen direla eremu hauek.

Datozen 40 urteetan munduko haragi kontsumoa bikoiztuko dela aurreikusten dute Nazio Batuek, eta beraz baliabideen eskasia laster argi geratuko da. Litekeena da erosotasun garestia bihurtzea behi haragia; ez bat-batean, baina bai epe luzean.

Erosotasunak garestiak bihurtzen direnean, denok dakigu zer gertatzen den: Mendebaldeko estatuek kontrolatzen dituztela. Momentu honetan behi haragiaren kontsumo hazkunde handiena Txinan eta Indian ikusten dugu, baina haragia garestitzen denean, beste alternatibak aztertuko dituztela ziur da.

Eta alternatiba haragi artifiziala izan liteke. Iazko ekainean zutabe honetan idatzi nuen haragi artifizialari buruz. Orduan haragi artifiziala inoiz sortzen ahal ote zen galdetzen zuen Oxfordeko unibertsitateko ikertzaile talde batek, eta ziotena zen hamar urte barru errealitate izan zitekeela laborategietan haragia artifizialki sortzea, merkaturatzeko asmoz.

Baina ez dugu hain luze itxaron behar.

Holandan, Maastrichteko Unibertsitateko fisiologo batek jadanik emaitza garrantzitsuak lortu ditu. Diru laguntza pribatu eta anonimo bati esker, haragi artifiziala ikertzen aritu da Mark Post izena duen ikertzailea bere laborategian, eta lehen hanburgesa artifiziala aurten sortuko duela iragarri du.

Badirudi zientzia, beste askotan bezala, aurreikuspenak baino arinago dabilela.
In vitro metodoak erabiliz, behiaren muskuluetako zelulak errepikatzea da erronka eta haragi segmentu txikiak sortzea. Orain arteko arrakastak ez dira txuletoi baten hainbatekoak, baina abiapuntua da.

Orain arte lortu dena da haragi puska txikiak sintetizatzea, paper arruntaren lodierakoak eta bi zentimetro karratukoak. Pentsatzen dute halako 3.000 inguru lortuta hanburgesa bat egiteko hainbateko haragi kantitatea izango dela, nahaski sintetiko batean.
Bon appetit, diot nik, baina niretzat ez, milesker.

Iragarri dutena da Heston Blumenthal sukaldari britainiarrak prestatuko duela hanburgesa hau. Gertakizunak bere elementu komikoa izango du –eta britainiarrak nik oso ongi ezagutzen ditudanez, segur asko haragi sintetikoa asko gustatuko zaie–, baina hori alde batera utziz, ez dago zalantzarik une historiko bat izango dena.

Haragi artifizialak edo sintetikoak etorkizunean garrantzi izugarria izango du. Datorren erronka arrain sintetikoak sortzea izango da. Etorkizunean kontsumoaren garapena asetzeko horrelako irtenbideetara jo behar dugu, gure planetaren baliabideak mugatuak direnez.

Ez da harritzekoa izango Mendebalde aberatsean benetako haragia eta arraina jaten jarraitzea, baina munduko gainerako %90arentzako alternatiba sintetikoak izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo