Berezkoen Buruz Buruko finala
Waltariren sakeak aukera gutxi ematen dizkie gainerakoei
Kubako aurrelaria eta Patrick Ozafrain elkarren aurka neurtuko dira etzi arratsaldean Baionan. Bankakoak ere garbi dauka irabaztea ia ezinezkoa dela.
Jon LEUNDA
Etzi jokatuko da buruz buruko finala Baionan, 17.00etatik aurrera Moderne trinketean. Agusti Waltari eta Patrick Ozafrain neurtuko dira txapelaren lehian, eta faboritoa, berriro ere, Kubako aurrelaria izango da.
Astelehenean egin zuten material aukeraketa, eta biak gustura geratu ziren. «Pilota onak zeuden. Nik gustatzen zitzaizkidanak hartu nituen, eta Ozafrainek ere hala egin zuen», esan zuen Waltarik. «Berak zeuden bizienak bereizi zituen, eta nik, berriz, motelenak aukeratu nituen», erantsi zuen Patrick Ozafrainek.
Bankakoak oso zail ikusten du Waltari menderatzea: «Oso zaila da berari irabaztea. Sakatzeko era berezia dauka, eta hori itzultzea oso zaila egiten da. Errestoan ongi ibili arren, askotan pilota onera eraman bakarrik dago egitea, eta berari tantoa aukeran uzten zaio. Jokoan ez da gu baino gehiago, nahiz eta hor ere asko ari den hobetzen, baina sakean sekulako aldea dago», dio Nafarroa Beherekoak.
«Berari irabazteko zuk dena ongi egin behar duzu, sekulako partida, eta berak egun txar bat izatea. Berari irabaztea badago, Superprestigioan ikusi zen, baina sakeak gure erara atera zituen. Berak bere erara aterata, guk oso aukera gutxi dauzkagu, pilotari sekulako abiadura ematen diolako», erantsi suen Patrick Ozafrainek.
Zailena
Agusti Waltarik garbi dauka finala izango duela orain arteko partidarik zailena. «Orain arteko partidak uste baino askoz ere errazagoak izan dira, baina Ozafrainen aurkakoa uste dut oso ezberdina izango dela. Berak ere badaki txapela janztea zer den, finalak ere mordoxka bat jokatu ditu, eta bakarka min handia egiten du. Finalerdietan ikusi da oso ongi dagoela, eta zaila izango da berari irabaztea», aitortu du aurrelari amerikarrak.
Superprestigioan euskal pilotarien erara atera zituen sakeak, baina garbi dauka berak jokatzeko era bat daukala, eta horri eutsi egin behar diola: «Nik nire jokatzeko era daukat, eta horri eutsi egin behar diot. Gustatu edo ez, hori legearen barruan dago. Nik horrela ikasi dut pilotan jokatzen, eta nik horrela jokatzen dut», esan zuen.
Azkenaldian txapelak bata bestearen atzetik irabazten ari da, baina oraindik ilusioarekin jarraitzen duela onartu du Kubakoak: «Egia esan, txapelak beti dira gustukoak, eta horrek ez du inor aspertzen. Superprestigioan finala galdu egin nuen, eta hau irabazi egin nahi dut. Gogoz nago», esan zuen.
Azkenik, Ozafrainek, berriz, nahiko etsita hitz egin zuen. «Nire bosgarren finala da. Bi irabazi ditut eta bi galdu, eta hau irabaztea oso zaila ikusten dut. Saiatuko naiz, baina txapelarekin etxera joatea ia ezinezkoa ikusten dut», berretsi zuen Bankako atzelari beteranoak.