Front de Gauche koalizioak «herritarren bozeramaile» izan nahi du hauteskundeetan
A.B. | ANGELU
Bernadette Lavigne 54 urteko alderdi komunistako kidea eta Gregory Durieux Partie de Gaucheko militantea izanen dira hautagai datorren ekainean iraganen diren frantses legebiltzarreko hauteskundeetan, Front de Gauche koalizioaren izenean. Angelutik Bidaxune -Baiona barne- arteko herriak biltzen dituen barrutirako bi hautagaiak aurkeztu zituzten atzo koalizioko ordezkariek.
«Herritarren bozeramaile» gisa aurkeztu zuten hautagaiek beren burua, eta «diputatu baten lana, Parisen legeak bozkatzea» dela-eta, Frantzia mailari begira kokatu zituzten beren programaren ardatz nagusiak. Gutxieneko soldata 1.700 euroan jartzea, lehentasuna zerbitzu publiko eta gizarte babesari ematea, bankuen kontrol publikoa garatzea, erretiroa 60 urterekin hartzeko eskubidea izatea, langileen eskubideak betetzea eta justizia fiskala proposatu zituzten besteak beste.
«Pays»-ren alde
Lurralde erreformarekin Ipar Euskal Herriko instituzioari buruz sortu den eztabaida ere hizpide izan zuten, eta egungo pays egitura mantentzearen alde zeudela jakinarazi zuten. Egitura horrek, azken hogei urteotan sortu diren tresnak baino urrunago joateko aukera ematen duela esan zuen Daniel Romestand alderdi komunistako ordezkariak. «Pays egiturak sektoreka egin daitezke, bata ekonomia eta industriarentzat, beste bat kultura eta hizkuntzarentzat. Pays da irtenbide egokiena», azaldu zuen. Kanpainaren karietara apiril hasieran mitina eginen zutela ere jakinarazi zuen Front de Gauchek.