Kira Kira islandiarrak «Tuvalù» pelikulako soinu banda interpretatuko du Artiumen
GARA | GASTEIZ
Artiumek Art+Sound programarekin jarraitzen du, eta bihar Kira Kira islandiarraren emanaldia antolatu du Ekialde-Goikoa aretoan, 21.30ean hasita. Kristin Björk Kristjansdottir islandiarrak Veit Helmer alemanaren «Tuvalù» pelikularako ondu zuen soinu banda interpretatuko du, filma proiektatu bitartean.
Kristin Björk Kristjansdottir, Kira Kira izenez ezagunagoa, musikagile eta ikus-entzunezko artista islandiarra da. Kitchen Motors diskoetxearen eta musika esperimentalean, sormenezko lankidetzan eta diziplina artistiko batzuetako eta besteetako fusioan lan egiten duen kolektiboaren sortzailea da. Kira Kira elkarte honetatik sortu zen 1999. urtean eta harrezkero, dantzarako, pelikuletarako eta antzerti-lanetarako soinu bandak idatzi ditu, eta musika esperimentalaren eta ikus-artearen arteko harremanak jorratu ditu. Bere estiloaren ezaugarri nagusia irudia musikaren zati garrantzitsu gisa erabiltzea da.