Mendiko eskia | Proposamena
Hautacameko mendietan barrena inguru ezkutuak ezagutuz
Mendiko eskiko espezialista Edu Aranburuk Soum de Lascours igotzeko proposamen erakargarria egin digu. Haren ustetan, oso garai aproposa da inguru hori elurrez gainezka dagoelako eta oso garaiak ez diren mendiak bisita daitezkeelako.
Andoni ARABAOLAZA
Neguak aurrera jarraitzen du, eta aitortu beharra dago denetarik izaten ari garela. Hasiera lehorra izan zen, Siberiako fronte hotzak bisita egin zigun, epeltasunerako beta izan dugu... Eta tartean elurte batzuen batzuk, baina ez egundokoak. Hala ere, esan daiteke garaiera batetik gora, batez ere 1.700 metrotik gora, elurra badela, eta hortik aurrera geruza gero eta lodiagoa dela.
Egoera hori ikusita, mendiko eskiko espezialista Edu Aranburu Pirinioetako hainbat bazter, haran eta menditan izan da. Eta egin dituen irteeren artetik bat, bederen, helarazi digu. Aurtengo proposamenak Frantziako Pirinioetara eramango gaitu; hain zuzen ere, Hautacameko mendietara.
Argibide gehiago Aranburuk berak emango dizkigu: «Azken egunotan ingurumari hartan izan naiz, eta ohartu ere mendiak oso elurtuta daudela. Hori bai, elurra ez dago transformatuta, eta, jakina, soilik oinez egiteko ia ezinezkoa da. Uste dut oso garai aproposa dela mendi horietara irtenaldiren bat edo beste egiteko. Batetik, elur asko dagoelako; eta bestetik, ez direlako mendi garaiak. Neguan mendiko eskia egiteko ingurumari bikaina da. Gainera, eski-estaziotik inguru gorde samar batera iristea errazten digu, eta garaiera ertaineko mendi horiek aukera ugari eskaintzen dizkigute. Bestalde, proposamen honetan jaitsiera azpimarragarrienak aipatzen badira ere, aitor dezaket lepoak eta haranak lotuz zeharkaldi asko egin daitezkeela inguruotan».
Soum de Lascoursera
Lehen urratsa Hautacameko Tramassel lepotik egingo dugu, ondoren eski-estazioaren gaina den Moulatera igotzeko. Hortik aurrera zeharkaldi luzea dugu beherantz Isaby lakuraino. Azken hori foka larruak kendu gabe egin daiteke. Aranburuk ohartarazi nahi du zati horrek hego-mendebaldeko orientazioa duela, eta udaberrian elurrik gabe egin dezakegula topo.
Arestian aipatu dugunez, ordea, gure gonbidatuak elur askorekin egin zuen irteera: «Gozatu ederra hartu genuen, nahiz eta baldintzak ez ziren egokienak. Aipatu behar dut lakuaren gainean eskiekin igotzeko hainbat mendi eder daudela. Hori bai, maldek ipar orientazioa dutenez, elurraren egonkortasunari arreta jarri beharko diogu».
Hori esanda, Aranburuk uste du eskiekin egiteko igoera zein jaitsiera onena Soum de Lascours mendiak (2.485 m) duela: «Tontorrera eskiak kendu gabe igo daiteke, eta handik oso ikuspegi zabalak eskaintzen ditu: Hautacam-Bareges inguruko hainbat zeharkaldi aztertzeko eta xede berriak egiteko gogoa pizten dizu. Gogoratu Lascourstetik hainbat gailur eskura daudela ere: Arrouy, Leviste... Eta guztiek ala guztiek 900 metroko jaitsiera zuzena dutela Isabyra heltzeko. Lakuan foka larruak berriro jarri, eta Moulataraino 150 metroko desnibela gainditu beharko dugu Hautacamera iristeko». Horixe da oro har Aranburuk egin digun proposamena. Erabilitako kartografia honakoa da: IGN, carte de randonnées. Pyrenées, carte nº 4 (Bigorre). 1:50.000 eskala.