Eskalada artifiziala | Bigarrena
Font, Servosa eta Palmada hirukoak beste A5 bat eskalatu du ziztu bizian
Hirukote katalanak Montrebeiko «Incontinencia de Inconsistencia» bidea (A5/V+, 245 m) 20 ordu eta 26 minutuan sinatu du. Estilo horretan neguan egin nahi duten trilogiaren bigarren marra izan da.
Andoni ARABAOLAZA
Aurreko kronika batean, David Palmada Pelutek ASC (arti-speed-climbing) estiloan eginiko eskalada baten berri eman zigun. Jordi Servosa eta David Font kideekin batera Montserrateko «Mirall impenetrable» bidea (A5/VI, 300 m) 18 ordu eta 48 minutuan poltsikoratu zuen. Abenduaren 20 eta 21ean izan zen.
Orain dela gutxi, berriz, estilo berean beste izar bat eskuratu dute; hain zuzen, «Incontinencia de Inconsistencia» marra (A5/V+, 245 m). Hau ere Kataluniako pareta enblematiko batean: Montrebein. Ordutegia: 20 ordu eta 26 minutu.
Hirukote katalanak bitik bi erdietsi ditu. Hots, neguan A5 zailtasuneko marra bat eskalada artifizial azkarrean igotzeko trilogiaren bigarren bidea. Pelutek berak adierazi digunez, hirugarrenaren bila joateko prest dira: «Une eta bide egokia bilatu behar dugu. Gutxienez, A4koa behar du izan, lauzpabost egunean igotzen den horietakoa eta, aurrekoetan bezala, geure helburua 24 ordu baino gutxiagoan sinatzea da. Aurretik hiru aste baino gehiago ditugu helburu erakargarri bat adosteko eta lortzen saiatzeko».
Aurreko jardueran egin bezala, katalanek argi asko dute estilo horretako eskaladak bere neurrian aztertu behar direla: «Modalitate intentsoa, zirraragarria eta, era berean, leloa da. Soilik ondo pasatzeko eta denboraren kontra borrokatzeko balio du. Hala ere, jakin badakigu zer nolako arriskuak hartzen ditugun. Zailtasun handiko luze horiek korrika egitea ez da txikikeria; oso eroriko arriskutsuak jasotzen ditu bere baitan».
Hotz ikaragarria
Xede hau egin ahal izateko, katalanek bi egun aukeratu zituzten: otsailaren 10a eta 11. Hots, Siberiako fronte hotz galanta Penintsula osoan bisitan zenean. Alabaina, eskarmentu handiko hirukote honek ez zuen nagitasunik izan «Incontinencia de Inconsistencia» bideari ekiteko. Jakin bazekiten, oso marra fina eta lan handia eskatzen duen horietakoa dela. Gainera, ez da batere erosoa; izan ere, bilera guztietan zintzilik pasa behar izan zuten.
Goizeko hamaikak eta laurden jotzear zirenean bidean sartu ziren: «Joan Casasek eta Pep Ribak 1995. urtean zabaldutako marra hau ikaragarri ona eta zaila da. Lauzpabost egun ematen dituzte bide hau igo ahal izateko, eta guk, nahiz eta hotz handia egin (tenperatura minimoa, -14°koa), helburuan buru- belarri sartu ginen. Bederen, eguzkia lagun izan genuen, eta hotz hori zeozer leundu zuen».
Gauak harrapatu zituenean, iritsi ziren komeriak. Iluntasunean eta hotz handiarekin aurrera jarraitu zuten: «Erritmo oso ona generaman, baina gauez, hotza zela-eta, asko sufritu genuen. Kontuan hartu behar da hainbat luzetan hiru edo hiru ordu eta erdiko itxaronaldiak egin behar izan genituela gure kidea segurtatzen. Azkenean, geure bigarren helburua lortu genuen. 20 ordu eta 26 minutu, horixe izan zen denbora».
David Font, Jordi Servosa eta David Palmada katalanek «Incontinencia de Inconsistencia» bidea (A5) 20 ordu eta 26 minutuan eskalatu dute. Trilogiako bigarren alea izan da.