GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

«On shore» haizea

Surflariok maite ez duguna on shore haizea da, uhin lerroak nahasi eta olatuak narrasten baititu. Gurean, gainera, iparretik datorren haize hotza da eta sarri min egiten du. Hire izena daramat soinean, betazalen azpian. Ahal banu, begi bistatik kentzeko esango niake, baina ezin diat; izan ere, hire izena trabeska diat, eztarriaren erdian. Aitor Strummer!

Ez dut ulertzen «niretzat surfa dena da» dioen jendea. Surflari askok elkarrizketetan errepikatzen duen leloa izan ohi da. Katalan bat inpresionatzeko esaldi bikaina izan liteke, baina egiaz esaldi horrek pobrezia erakusten du, metro bat harago ikusteko ahalmen falta.

Egia da surflariok bizitzako erabaki garrantzitsu asko itsasoa aintzat hartuta hartzen ditugula. Zentzu horretan, erlojurik gabe bizi gara, itsasaldi, itsaski, eta haizeteen menpe. Paradoxikoki, menpekotasun horrek, batzuetan aske sentiarazten gaitu, baina, gainontzeko guztiek bezalaxe, gure esperientzia garrantzitsuenak, gehien hunkitzen gaituztenak, uretatik kanpo bizi ohi ditugu.

Nire lehen surf taulak «Hego Haize» zuen izena. Ertzak gorriak zituen, eta bultzatu baino balazta egiten zuten lema garden potoloak zituen. Taula eta izen hark lehen olatuak baino eragin handiagoa izan zuten nigan.

Izenak ez ninduen harritu, gurean hego haizea baita lurretik datorkigun ufada, surf egiteko haizerik egokiena, ondarroarrek, gauzak izendatzeko daukaten abilezia paregabean, «erreka haizea», deitzen dutena.

Ingelesez, lurretik itsasora doan haizea off shore deitzen dugu surflariok, eta maite dugun esamoldea da, olatuak orrazten dituen haizea baita. Gurean gainera, haize goxoa da, Afrikatik baitator.

Maite ez duguna on shore haizea da, uhin lerroak nahasi eta olatuak narrasten dituena. Gurean, iparretik datorren haize hotza izan ei da eta sarri min egiten du.

Apur bat koxkortu eta kontzertuetara joaten hasi nintzenean, bost gradu zero azpitik izanda ere, mauka motxeko nire «MCD, Jodete!» kamiseta erakusteko, tente baina hotzak akabatzen ibiltzen nintzenean, Ipar Haize izeneko musika taldea ezagutu nuen. Lasarten izan zen. Taldea kalean jotzen ari zen eta gitarra-jotzaile gazteak, Joe Strummer, The Clasheko abeslaria zirudien. Ez, hobeto esanda, bera zen, baina eusko label bertsioan.

Joan den astean, ekialdeko haizea zebilela-eta Angelura joan nintzen surf egitera. Angelun beti gozatzen dut, baina uretatik irten eta telefono deia mendebaldetik. Haizeak okerrera egin zuen, on shore haize traketsa itzuli zen. Hainbeste miresten dudan gitarra-jotzaileak istripu larria izan zuela zioen berri txarra.

Eta ordutik lo egin ezinean nabil. On shore madarikatua! Nire lehen taula datorkit burura, Ipar Haize talde basati hura eta Strummer jaunarekin garagardo artean hartutako olatu luze haiek. Eta bere izena daramat soinean, betazalen azpian, begiak itxita ere berau ikusteko moduan.

Ahal banu, begi-bistatik kentzeko esango nioke. Esango niake; «Oañe ostiyana jotzen? beste zeiñik ez al dakak? Benga, hartzak gitarra eta punteo bat intzak. Bai, gutzat!» Halaxe zuzenduko nintzaioke. Zuzentzen natzaik. Lagunari zuzentzeko dugun ohiko modu baldar, baina leialean. Baina ezin diat ezer esan; izan ere, hire izena trabeska jarria zeukaat, nire eztarriaren erdi-erdian. Aitor Amantegi Strummer!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo