Krisia ASP zirkuituan, Billabong markak Jeffreys Bayko txapelketa kentzea erabaki du
Surfaren industria ere krisian da eta babesleek gero eta zailtasun handiagoak dituzte goi mailako txapelketak antolatzen jarraitzeko. Ondorioz, Billabong markak erabaki latz bat hartu behar izan du: WCT zirkuituko txapelketa garrantzitsunetako bat mailaz jaistea.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ASP erakundeak jakinarazi duen azken erabakiak agerian utzi du babesleek goi mailako txapelketen gastuei aurre egiteko zailtasunak dituztela aurten. Krisiak beraz, surfaren industrian ere eragin du.
WCT itzuliko txapelketa garrantzitsuenetako bat mailaz jaitsiko dute. Beraz, aurten WCT zirkuitua hamar txapelketak osatuko dute eta ez hamaikak, hasiera batean iragarri zen moduan.
1981etik Jeffreys Bayn, Hego Afrikan, urtero egiten den lehen mailako txapelketa mailaz jaitsiko da aurten. ASP itzulian kokatzen den mundu mailako txapelketa bat egingo dute aurten Jeffreys Bayn, baina hirugarren mailakoa. Sei izarreko txapelketa izango da, baina babesle berbera izaten jarraitzen du, alegia, Billabong.
Uztailaren 2an, handik gertu Ballito Pro txapelketa izango da. Orain arte Jeffreys Baykoa baino txapelketa apalagoa zena aurten garrantzitsuagoa izango da. Hala ere, bi txapelketok denboran eta espazioan elkarrengandik oso gertu izango direla kontuan izanda, mundu mailako lehiakide on asko erakarriko dute.
Hegoafrikan 40 urte luzez (1991n apartheid sistema amaitu zen arte) boterean izan ziren afrikanerrek jarritako izena da Jeffreys Bay.
Urtero, ekaina eta abuztua bitartean, itsasaldi franko izaten dira Hegoafrikan eta Jeffreys Bayko olatu bikainek ikuskizun ezin hobea ziurtatzen dute. Horregatik, ez da harritzekoa azken hiru hamarkadetan goi mailako itzulian txapelketa finkoa izana.
1963an, «The endles summer» surfari buruzko lehen pelikula arrakastatsua filmatzen ari zirela, «topatu» zuten leku hau, Afrikaren hegoaldeko lurmutur batean. 1964an zinemetako pantailetan olatu ikaragarri haien irudiak zabaldu orduko, milaka surflariren helburu bihurtu zen Jeffreys Bay, eta, ordutik, surfaren historian izan diren gertakizun anitzen lekuko izan da.
Asko dira bertan gertatutako istorioak; horietako batzuk, testuinguru politikoari lotuak.
1985ean, esaterako, Tom Carroll, Tom Curren eta Martin Poter (Pottz) surflari profesionalek uko egin zioten J-Bayko txapelketan parte hartzeari, apartheid sistemaren aurka zeudela erakusteko keinu gisa. Jarraian, surflari gehiagok ere hartu zuen jarrera hori bera.
70eko hamarkadaren hasieran berriz, Eddie Aikau famatua Hawaiiko taldearekin joan zen Hegoafrikako txapelketan parte hartzera, baina bere azalaren kolore iluna zela-eta aparteko hotel batean hartu behar izan zuen ostatu. Hawaiira itzuli zenean bere taldekideek izan zuten jarrera gaitzetsi zuen, haiengandik bereizi zutenean inork ez zuelako babestu.
ASP erakundeak aipatu albiste hau eman baino egun gutxi batzuk lehenago, Nick Carroll surflari eta erreportari ezagunak surfaren industria ere krisian zela esan zuen.
Honela mintzo zen Carroll bere artikuluetako batean: «Aurten WCT zirkuituan Volcom Fiji eta O'neill Santa Cruz-en gisako antzinako txapelketak ezarri izanak egoera larri bat estali baino ez du egiten. Azken hamarkadan inoiz ez da hain ahula izan goi mailako zirkuitua sostengatzen duten eta bizkarrezur nagusia diren bi babesle garrantzitsuenen egoera. Quick Silver eta Rip Curl markek txapelketa bana ezabatu dute zerrendatik eta milioi bat dolarreko gastua aurrezten dute modu horretan».
Jarraian, gerta zitekeenaren eta gertatu denaren iragarpena ere egiten zuen Nick Carrollek: «Gauzak horrela, egoera finantzarioa nola dagoen ikusita, aurten ASPk iragarri duen zirkuitua, txapelketarik kendu behar izan gabe, osorik egiten bada, lorpen handia izango da, dudarik gabe».
Richard Grellman ASPko lehendakari exekutiboa ere krisi egoeraz mintzatu zen: «Batzordean egin genuen bileran, ASPk, erakunde gisa, nahiz eta tamalgarria izan, egoera komertziala kontuan hartu eta ikuspegi pragmatiko bat izan behar zuela genion. Billabong markak aspalditik babestu du lehen mailako lehiaketa zirkuitua, eta egun oraindik, itzulia osatzen duten hamar txapelketetatik hiru berak antolatzen ditu; beraz, haiekin dugun harremanak bere horretan jarraituko duela espero dugu».
Billabong markak babesten dituen WCT itzuliko txapelketak honakoak dira: Billabong Rio Pro (Brasil), Billabong Pro Teahuppo (Polinesia) eta Billabong Pipe Masters (Hawaii).
Nick Carrollen aurreikuspenak beraz, bete egin dira, eta urtea hasi baino ez da egin.