GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Kontraesanak eta betiko kutsuak

Kontraesana gizakion berezko ezaugarria dugula ez dago zalantzarik. Nahi eta beharraren arteko borroka ibiltaria gara, beharko genukeenaren eta egiten dugunaren arteko gatazka bizia. Pertsonon bereizgarri deseroso hori, jakina, hedatu egiten da gure arteko bilkurak sortzen duen orotara, dela elkarte bat, dela lantoki bat, dela gobernu bat.

Krisietan are nabariago zaigu gauzak argi edukitzea ez dela gure indargunerik handiena. Adibidez, ordura arte lehentasunezkoa izandakoa, baliteke di-da batean ilararen atzera igarotzea, eta ordura arte begi onez eta tinko sustaturikoa, inoiz aipatu ez balitz bezala ezkutaraztea. Begira, bestela, berdintasunarekin, horretarako plan eta politikekin, eta lan eta familiaren adiskidetzearekin gertatzen dena. Lehenengoa, beste behin, lehentasunezko izateari utzi eta han-hemenka besteren mesedetan sakrifikatzen ari da krisi ekonomikoa, hau da, diru eza, aitzakia; bigarrena, berriz, uki daitekeen zerbait baino garatzeko bidean dagoen kontzeptu izanda oraindik, heldu baino lehen desagertuko delakoan nago.

Izan ere, biak doaz lotuta, berdintasuna eta adiskidetzea. Batak bestea ekarri beharko luke, ezinbestean, eta ez litzaioke begiratu beharko adiskidetzen duenaren sexuari, guraso izanez gero, hori baitu nahikoa arrazoi haurrak zaintzeko beharrezko denbora izateko eskubidea aitor diezaioten. Badirudi, ordea, adiskidetzeaz hitz egitea, emakume langileez aritzea dela. Batetik, ez delako atzean utzi nahi familia jagolearen paper historikoa, besteen ongizatea bermatzeko senarena, egungo sistemaren biziraupenerako nahitaezkoa den neurrian; bestetik, enpresa gehienetan ez zaielako langileen ongizatea axola, ahalik eta etekin handiena eskuratzeko xedea baizik, eta lanaldi murriztuak baino, lanaldi luze bezain merkeak bilatzen dituzte, enpresan gorputz eta arima aritzea langileok, eta prest egon ezean, kaleratze azkar eta are merkeagoa. Egun, lan erreforma ikusita, erruz egin ahal izango dute hori, hainbat arrazoi direla medio, denak ala denak enpresarien iritziaren esku.

Hortaz, lan munduan ere badugu eguneroko kontraesan anoa. Gobernariek emakumeen kontrataziorako pizgarriak iragartzen dituzte, berdintasunaren erronka ahaztu ez duten seinale, ustez, baina inolako pizgarririk eman barik kontratazio horren baldintzei, nahikoa mesede egingo baligute lez. Gobernariak gutaz kezkatzen direla ematen du, hala diote, halako neurritxoak aurkezten dituzte, baina gero enpresariak erreskatatzera doaz, dirutza inbertituta horretan, langileak, are gehiago emakume langileak, esplotatu eta zapaltzen dituzten horietan.

Gogoan dut gizon baten kasua, jaioberri bat zuela-eta lanaldi murrizketa eskatu zuena. Bere enpresan exijitu zioten froga zezala bere emazteak ezin zuela umea zaindu, eta hala egiaztatzen bazuen, emango zioten eskaturikoa, bestela, ez. Horra hor egungo adiskidetzearen kontraesana, berdintasunerako neurritzat hartuta, berdintasunetik ezer gutxi eta betiko rol zaharkitu eta matxistatik ugari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo