Diru libreak eskaintzen dituen aukerak aztertu dituzte Urdirotzen
GARA | URDIROTZ
Auzolan ekimenak antolatuta Euskal Herriko Moneta Askeen Lehen Mintegia egin dute asteburuan Urdirotzen (Artzibar). Topaketan, estatuek sustatzen eta babesten duten eredu liberal-kapitalistaren agortzearen aurrean, «autoantolaketaren bidez ekiten hasteko» garaia dela nabarmendu zuten, «elkarlan eta elkarlaguntza tradizionalak berreskuratuz, eta ahalduntze politikoaren eta demokrazia zuzenaren zenbait adierazpen, hala nola auzolana eta batzarra, berriz eratuz».
Testuinguru horretan kokatzen dute txanpon askeetan oinarrituriko sistema, «ekonomia bertze modu batean ulertzeko tresna gisa, non autoeratutako batzarrak izanen diren ekonomiaren norabidea bermatuko dutenak, txanpon propioak sortuz eta eskualdeen arteko ekonomia arloko harremanak garatuz».
«Txanpon askeak berdinen arteko harremanak oinarri izanen dituen beste eremu bat sortzeko tresnak dira, ekonomia kapitalista eta estatista horrekiko menpekotasunetik ateratzen hasteko aukera ematen digutenak. Nork bere ahalmenaren arabera, baina botere ahalduntzearen garapenean aurre eginez», gaineratu zuten.