GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Zilarrezko Maila

Iraupen probak erabaki zituen bi finalerdiak

Larrañaga eta Mugertza III.a Zubiagarekin eta Jauregirekin arituko dira finalean.

p046_f01_148x96.jpg

Jon LEUNDA

Mugertza III.a eta Larrañaga Zubiagaren eta Jauregiren aurka neurtuko dira datorren igandean, Azpeitian jokatuko den Zilarrezko Mailako finalean. Azken ekitaldirako maila horretan bakarrik falta zen izenak jakitea eta herenegun arratsaldean erabaki ziren Elgoibarren.

Mugertza III.ak eta Larrañagak lan handia egin behar izan zuten Juan eta Juanillo Rodriguez mendean hartzeko. Gipuzkoarrak faborito garbiak ziren, baina segoviarrak berriro ere oso indartsu agertu ziren, eta azkeneko probara bitarte ezin izan zen ezer erabaki.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren saioa hasteko. Hor segoviarrek 42 segundoan bota zuten enborra, eta hiruren aldea lortu zuten. Bigarren lanean, tamaina bereko enborra erlojuaren kontra ebaki behar izan zuten, eta Gaztelakoek aldea gehitu egin zuten. 56 segundo nahikoak izan zituzten lana amaitzeko, eta beste bost segundoko tartea lortu zuten proba honetan.

Hirugarren ekinaldia, abiadurakoa zen, eta bakoitzak bina 45 ontzako moztu behar izan zituen. Juanek eta Junillok beste segundo bateko aldea lortu zuten. 1.26ko denbora egin zuten. Bosgarrengoan, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta hor berdindu egin zuten, bakoitzak 2 minutu eta 3 segundo behar izan baitzituen.

Iraupen proba falta zen, eta segoviarrak hamaika segundo aurretik ziren. Azkenik, txanda librean lau kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta hor sekulako aldea egon zen. Gipuzkoarrek 7 minutu eta 14 segundoan amaitu zituzten lanak. 8.18 izan zen segoviarren denbora. Lan guztiak, 14 minutu eta 33 segundoan burutu zituzten Mugertza III.ak eta Larrañagak, eta 15 minutu eta 26 segundoan, berriz, Juan eta Juanillo Rodriguez segoviarrek.

Arabarrak

Beste finalerdia ere oso estua izan zen, eta amaieran segundo gutxi batzuek erabaki zuten kanporaketa. Hor ere irabazleek, Jauregik eta Zubiagak, azkeneko proban erabaki zuten saioa.

Kolpekakoan, Saralegi eta Olano izan ziren nagusi, 45 ontzakoa 27 segundoan botata, eta hamar segundoko tartea zabaldu zuten. Bigarren proban, erlojuaren kontrakoan, 45 ontzakoa 51 segundoan amaitu zuten arabarrek, eta segundo bat murriztu zuten aurka zuten aldea. Abiadura proba minutu eta 22 segundoan amaitu zuten Jauregik eta Zubiagak. Hiru segundoko tartea atera zieten nafarrei. Laugarren proba ere irabazi zuten; Saralegiri eta Olanori sei segundo kendu eta aurretik jarri ziren. Bosgarrenean, hiru segundoko tartea lortu zuten, baina iraupen proba zegoen dena erabakitzeko. Hor Zubiaga eta Jauregi gehiago izan ziren. Lau kana-erdikoak, 6 minutu eta 12 segundoan bota zituzten, eta 6.26ko denbora egin zuten nafarrek. Denera, 12.50ko denbora egin zuten Zubiagak eta Jauregik eta 13.10, nafarrek.

Zilarrezko Mailako finalaz gain, Urrezkoan Mugertza II.a eta Arrospide Otañoren eta Otaegiren aurka arituko dira. Gazteen mailan, berriz, Otaño eta Etxeberria II.a Larrea III.aren eta Eneko Saralegiren aurka lehiatuko dira. Finalak Azpeitian jokatuko dira.

Olasagastik apusturako deia egin dio Zalduari

Joxemari Olasagasti apusturako prest dago, eta horretako deia egin zion atzo Xabier Zalduari. Igeldokoa aurkariari bi kana-erdikoren aldea emateko prest dago. Guztira, berak 22 ebakiko lituzke, eta Zalduak, 20. Igeldotarrak 6.000 euro jokatu nahi ditu, eta apustua hemendik hilabete pare batera izatea nahiko luke Joxemarik.

Igeldokoa datorren larunbatean egongo da 20.30etik aurrera Tolosako Kantabriko tabernan Zalduaren zain. Han batuko dira bi aizkolariak, eta han erabakiko dute apustua egin ala ez, edo apustua egiten badute, baldintza horiekin egingo duten ala ez.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo