Maurice Andre, mundu osoan ezagun egin zen tronpetaria, Baionan zendu da 78 urterekin
Musika klasikoko mundu mailako tronpeta-jotzaile onenen artean kokatzen zuten adituek Maurice Andre frantziarra. Erretiroa hartuz geroztik, Paris utzi, eta Baionan bizi zen. 78 urterekin hil da.
GARA | DONOSTIA
Maurice Andre 1933an jaio zen Alesen, meatzari familia batean. Aitak zaletu zuen musikara, baita tronpeta jotzera ere, bera ere izugarri erakartzen baitzuen instrumentu horrek.
Nerabezaroan, bere biografia ofizialean irakur daitekeenez, meatzetan lan egitera behartuta ikusi zuen bere burua, baina musika ikasketekin tartekatuz joan zen pixkanaka. 18 urterekin banda militar batean sartzea lortu zuen eta beka bat eskuratu zuen Parisko Kontserbatorioan ikasi ahal izateko.
Sei hilabete baino ez zituen behar izan bere lehenengo saria eskuratzeko. Korneta lehiaketa bat izan zen eta, 1953an, tronpeta mailako saririk garrantzitsuena eskuratu zuen. Hortik aurrera, gora eta gora egin zuen.
«Jainkoak musikarako dohain paregabea jarri zion esku artean; bere aitak tronpeta eman zion; meatzeak, indarra eta balio moralak; Leon Barthelemyk prodijio bat ikusi zuen beregan eta hezi egin zuen; azkenik, bere emaztea, Liliane, alboan izan zuen beti eta bere karrera osoan sostengatu zuen», adierazi zuen Andreren inguruan Jan Leontsky konpositoreak bere web orrialdean.
1955ean, Genevako nazioarteko txapelketan lehenengo saria eskuratu zuen eta 1963an, berriz, Munichekoan. Bere lan, pasio eta jakin-min aseezinak tronpeta goratu zutela esaten zuten adituek.
Andrek 300dik gora grabazio utzi ditu. Gainera, biolin, oboe eta beste zenbait instrumenturentzat egindako obrak moldatu zituen tronpetarekin jo ahal izateko. «Nire arrakastaren %60 talentuari zor diot eta %40a, lanari. Ero baten moduan lan egin arren, ondo eginagatik ere, talenturik ez badago, ez du ezertarako balio», esan ohi zuen Andrek berak. Frantziarra ez zen musika garaikidearen zale, meatzeak gehiegi gogorarazten zizkion «zarata» zirela esaten zuen.
Bi semeren aita zen eta, 90ko hamarkadan, Paris utzi, eta Baionara etorri zen bizitzera. Bertan erretiratu zen interpretazioaren mundutik eta bere beste pasioetako batean eman zituen azken urteak, egurrezko eskulturak sortzen.