GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kirmen uribe eta euskadiko orkestra sinfonikoaren elkarlana

«Bilbao-New York-Bilbao» nobelaren sinfonia ezkutua

Musika eta literatura, biak arte diziplinak izanik ere, gutxitan uztartu izan dira. Robert Schuman musikagileak behin esan zuen musika, hitza isiltzen denean hasten dela, eta, esaldi horri jarraiki, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Kirmen Uribe emanaldi berean ariko dira elkarrekin. «Mundu Berriaren Binetak» izenburupean, «Bilbao-New York-Bilbao» eleberria eta musika klasikoa txandaka arituko dira.

p006_f01_148x160.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

2008an Espainiako Narratiba Saria jaso zuen lana, «Bilbao-New York-Bilbao» (Elkar), oinarri hartuta eta Aaron Copland, Aita Donostia, Leonard Bernstein, Samuel Barber eta Antonin Dvorak-en musikak lagunduta, XIX. eta XX. mendeko egileei begiratua eman eta Europan eta AEBetan barrena ibiliko dira. Zuzendaria Lawrence Renes holandarra izango da, orkestrarekin egingo duen bere bigarren proiektu honetan.

«Musika programa oso interesgarria eta aberatsa da», azaldu zuen Renesek. Aukeratutako egile eta obrak Copland-en «Fanfare for the Common Man», Aita Donostiaren «Rapsodia Bascongada»ko «Itsasoan», Bernstein-en «Candide»ko Oberturak, Barber-en «Harientzako Adagioak» eta Dvorak-en «Mundu Berriaren Sinfoniak» izango dira. Tartean berriz, Uribek irakurriko dituen «Bilbao-New York-Bilbao» eleberriko hainbat pasarte entzun ahal izango dira.

«Nire eskola garaian Euskal Herriari buruz jaso nuen informazioa ez zen oso positiboa izan, baina lehen aldiz orkestrarekin lanera etorri nintzenean 2010ean, bai musika, bai gastronomia, baita arkitektura ere, kultura oso indartsu batekin lotuta zeudela ikusi nuen eta asko gustatu zitzaidan. Gainera, Kirmen Uriberekin lan egitea ohore bat da eta oso interesgarriak dira kontzertu hauek», azaldu zuen zuzendari holandarrak atzo egindako aurkezpen ekitaldian.

«Niretzat poz handia da proiektu honetan parte hartzea, batez ere, nola sortu den jakinda. Iñigo Alberdik (Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusiak) deitu zidan, eleberriak barruan daraman musika hori orkestraren bidez irudikatzeko proposatuz eta erabat magikoa iruditu zitzaidan ideia», azaldu zuen atzoko aurkezpen ekitaldian Kirmen Uribe idazleak. «Liburua hegan hasiko dela iruditzen zait», gehitu zuen.

Musika eta literatura bidaia

Egile eta obrei dagokienez, hautatze prozesua «oso erraza» izan zela azaldu zuen Uribek. Hala, XIX. mende amaierako eta XX. mendeko konpositoreak jaso nahi zituztela azaldu zuen idazle bizkaitarrak eta, horiek, europar eta estatubatuarrak izan behar zirela ere argi zuten, liburuak ere Euskal Herritik Ameriketako Estatu Batuetara egiten baitu bidaia. Bilboko Loiun abiatu eta New Yorkeko JFK aireportura iristen den hegazkin-bidaia du ardatz idazle ondarroarraren eleberriak. Hegaldiarekin batera, ordea, hiru belaunaldiren historia ere kontatzen du: aitona-amonei dagokien gerraurrekoa, gurasoen sasoiko frankismoarena, eta idazlearena berarena, XIX. mendean hasi eta XXI.eraino doan epopeia txiki baten moduan.

Egindako hautaketarekin pozik agertu zen idazlea. «Programak guztiz egiten du bat liburuarekin. Copland asko interesatzen zaidan egilea da, oso gizon indartsua iruditzen zait eta bere obra oso argitsua da. Barberrek ezin hobeto islatzen du mina, galera... Berstein garaikidea eta urbanoa da eta Dvorakek mundu berria definitu zuen», azaldu zuen. Hala ere, horiekin batera Aita Donostia ere sartu dute zerrendan; izan ere, ondarroarrak azaldu zuenez, Aita Donostiaren, Lauaxetaren edota Guridiren belaundaldiarekin oso identifikatuta sentitzen da; izan ere, haiek, berak bezala, oso helburu argia zuten, euskara unibertsalizatzea.

Kontzertu hauekin Kirmen Uribek «Bilbao-New York-Bilbao» eleberriaren istorioa bukatutzat ematen du. «Eleberriak aurrera egingo du bere bidea itzulpenekin, baina nire bihotzean istorioa bukatu egiten da honekin».

Orkestrarentzat hitza eta musika uztartzen dituen kontzertu hau ez da lehena izango, ezta Uriberentzat ere, baduelako sobera eskarmentua lan honetan; izan ere, Bar Puerto eszenatokian poesia, musika, bideoa eta ahozko historia bildu zituen.

ESKARMENTUA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak literatura eta musika uztartu ditu lehenago ere, baina literatur lanaren egilearekin berarekin lan egingo duen lehen aldia izango du. Kirmen Uribek ere badu eskarmentua halako muntaketetan.

EMANALDIAK

Kontzertu berezi hau Euskal Herriko hiriburuetan ikusi ahal izango da. Hilaren 5 eta 8an Donostiako Kursaalen izango da; 6an, Iruñeko Baluarten, 7an, Euskaldunan; eta 9an, Gasteizko Principal antzokian. Guztiak 20.00etan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo