Durangoko trena aurten lurperatzea onartu dute
GARA |
Eusko Legebiltzarrak EAJk aurkeztutako legez besteko proposamenari baiezkoa eman zion atzo. Hartara, Durangon trena lurperatzeko lanak azkartzeko eta 2012. urtean bukatzeko eskatu diote Lakuari. Legez besteko proposamen horretan, hiru puntu eskakizun nagusi egin dizkiote Lakuako Gobernuari: lurperatutako trenbideen erabilera datak ezartzea, gainazaletik zirkulazio oro ezabatzea eta geltoki ondoko aparkalekua irekitzea.
Horrez gain, Legebiltzarreko taldeek, azken puntu horretan Alderdi Sozialista aurka izanik, lurperatze planaren gehiegizko esleipenak direla-eta ordaindu beharreko gainbalioen inguruan Durangoko Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko eskatu zioten Garraio Sailari. Azaldu zutenaren arabera, diru hori, egun, trenbidea dagoen lurzoruetan urbanizazio lanak ordaintzera bideratu beharko litzateke.
Sozialistak aurka
Txarli Prieto sozialisten bozeramailea Gobernuak lurperatze obrak bere osotasunean ordaintzearen aurka azaldu zen. Bestalde, operazioak gainbalioak sortuz gero, Durangon soilik eragina izan beharrik ez dutela azaldu zuen. Hartara, EAEko beste udalerrien lehentasunetara bideratzearen alde agertu zen.
Iñaki Arriola Garraio sailburuak obretara eginiko azken bisitan ziurtatu zuen Euskal Trenbide Sareari 2012an lurperatze lanak bukatzeko eskatu ziola.