GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko finala

Gipuzkoarren artean erabakiko da txapela

Arrospide eta Mugertza II.a Otañoren eta Otaegiren aurka neurtuko dira etzi eguerdian Azpeitian.

p042_f01_97x160.jpg

Jon LEUNDA

Etzi eguerdian jokatuko da Azpeitian Urrezko Aizkorako finala. Otaño eta Otaegi Mugertza II.aren eta Arrospideren aurka neurtuko dira. Azken hauek bigarren urtez jarraian jokatuko dute finala. Iaz ez zuten txapela janzterik lortu, eta aurten saiatuko dira hori egiten.

«Finala oso zaila izango da. Nik uste dut dena ongi egin beharra dagoela irabazteko, eta hutsik gutxien egiten duenak lortuko duela garaipena», esan zuen Ugaitz Mugertzak. Apustu-makinetan Otaegiren eta Otañoren aldeko joera dago, baina horrek ez duela ezer esan nahi dio Unai Otañok. «Ez dakit horretarako jendeak zer nolako erreferentziak hartzen dituen, baina ez dut uste faboritorik dagoenik», adierazi du.

Finalera iritsi diren bi bikoak oso indartsu heldu dira, baina bikote bakoitzak besteari buruz duen iritzia ere eman zuen: «Bai Joseba, baita Unai ere, oso indartsu ikusten ditut. Jendeak zutikakoan huts egingo dutela uste du, baina nik hor ere ongi moldatzen direla uste dut. Iraupen proban, txanda librean, ere oso ongi moldatzen dira», dio Ugaitz Mugertzak.

«Arrospideri buruz gauza gutxi esan daiteke. Maisua izan da, eta oraindik oso ongi dago. Zutikakoan onena da, eta lan motzetan ere oso ongi ari da. Ugaitz bikain ikusten dut. Bukaerara bitarte lan laburrak dira, eta horietan oso ona da. Oraingoan zutikakoan enbor handiagoa izango dugu, eta gure asmoa bukaerara parean heltzea izango da», aitortu du Otañok.

Presiorik ez

Faborito izateak edo ez izateak berdin diela onartu dute bai Mugertzak bai Otañok. «Niri berdin zait. Faborito izateak edo ez izateak ez du txapelik ematen, eta horrek ez dit kezkarik ematen. Kezka finalak berak ematen du, horrek sortzen dit urduritasuna. Finalak beti izaten dira bereziak», dio Ugaitz Mugertzak.

«Nik ez dut uste faborito garenik, baina horrela bagara ere, ez dit kezkarik ematen. Faborito izan edo ez, finala jokatu egin behar da, eta presioa horrek ematen du, irabazi egin nahi izaten delako, baina faborito atera edo ez, berdin zait», azaldu du Unai Otañok.

Mugertza zein Otaño oso gustura daude beren bikoteekin. «Arrospiderekin iaz ere aritu nintzen, eta berarekin aritzea gauza ederra da. Aizkolari handia izan da, maisua, eta nik asko ikasi eta gozatzen dut bere alboan. Moldatu ere ongi moldatzen garela uste dut», dio Mugertzak. «Josebak eta nik aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta oso ongi moldatzen gara. Berak jokatu zuen azken apustuan ere laguntzen aritu nintzen, eta elkarren gertukoak izateak ere asko laguntzen du entrenatzeko garaian», esan du Unai Otañok.

Ibarrako aizkolariak une txarrak ere pasatu ditu, bi urteko zigorra ere izan baitzuen. Oraingo egoerarekin, ordea, ilusioz gainezka dago. «Egia esan, ilusio handiarekin nago. Aurretik lortutakoa kasualitatea ez zela izan erakusten ari naizela uste dut, emaitza onak lortzen ari naizelako. Finalak garrantzia handia dauka, eta izugarrizko motibazioa dut», amaitu du Otañok.

Faboritoak

Oraingoz apustu- makinetan jendea Otañoren eta Otaegiren aldeko joera erakusten ari da, eta igandean ere badirudi horrela izan daitekeela, baina neurketa oso estua iragartzen da.

Bigarren urtea

Arrospidek eta Mugertza II.ak bigarren urtez jarraian jokatuko dute finala. Iaz Atutxaren eta Azurmendiren aurka neurtu ziren, eta galdu egin zuten. Bigarrengoan ez dute hutsik egin nahi.

Mugertzatarrak bi finaletan arituko dira

Etzi, Azpeitian hiru final izango dira, eta Mugertza anaiak bitan arituko dira. Ugaitz eta Aratz askotan izan dira, baita beraien aita Fausto ere, eta aurtengoan ere mutrikuarrek ez dute hutsik egingo.

Aurrez aipatu bezala, Ugaitz maila nagusikoan izango da, eta bere anaia gaztea, Aratz, Zilarrezko Mailan arituko da, Larrañagarekin batera. Aurrez aurre, Zubiaga eta Jauregi izango dituzte. Mugertzatarren etxean ilusioz gainezka daude. «Egia esan, finaletan izatea ederra da, eta han bi anaia izatea oso polita da. Azkeneko urteetan hor gabiltza. Batzuetan batera eta beste batzuetan ez, baina hortxe. Orain irabaztea falta zaigu», esan du Ugaitzek, anaia zaharrenak.

«Berak dio finala irabazteko guk errazago daukagula, eta nik, beraiek errazago dutela. Hala ere, bientzat izango dira zailak, eta garrantzitsuena biok han izango garela da», dio Ugaitzek. Biak bezainbesteko ilusioa duena Fausto da, bien aita. Mugertza I.ak ere aizkoran jarraitzen du, nahiz eta Urrezko Aizkoran ez duen parte hartu. Igandean, hiruretan urdurien bera egongo da, baina gozatu ere ikaragarri egingo du. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo