GARA > Idatzia > Kultura

Zizurkilgo hiru tabernatan dena prest dute Blues Gauaren hamar urteko ibilbide oparoa ospatzeko

Gauak egindako ibilbide luzea goratzeko egitarau biribila prestatu dute antolatzaileek, eta aurten laugarren talde bat ere ariko da. Udalaren eta tabernen arteko lankidetza da jaialdiaren arrakastaren giltzarria.

p050_f01.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Aurreko urteetan izandako arrakastaren bidetik, aurten ere, martxoaren lehenengo larunbatean, Udalak antolatutako Blues Gaua izango da Gipuzkoako Zizurkil herrian. Jaialdiak egin duen hamar urteko ibilbidea nabarmentzeko, egitaraua berezia eta biribila prestatu nahi izan dute antolatzaileek; aurtengo edizioan lau talde ariko dira, hots, aurrekoetan baino bat gehiago. Jardunaldia aurrera ateratzeko ezinbestekoa da herriko hiru tabernak, Atxulondok, Egarrik eta Pasus-ek, egindako lana. Denboraren poderioz, Zizurkilgoa Gipuzkoako blues zirkuituaren hitzordu finkoa bihurtu da, Hondarribiko udako jaialdiarekin eta Tolosako jardunaldiekin batera.

«Nik Blues Gauaren ibilbidea bera nabarmenduko nuke. Ez da erraza hau bezalako ekitaldi batek hamar urte betetzea», adierazi du Zizurkilgo Udaleko Kultura teknikari Maider Agirrek. Hori dela eta, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute aurten: «Hamargarrena izanik, egitarau borobil eta interesgarria egiten saiatu gara eta, nire ustez, helburua lortu dugu. Izan ere, aurten, hiru tabernetako batean -Egarrin, hain zuzen- bi taldek joko dute. Aurrekoetan, hiru talde etorri izan dira; taberna bakoitzeko bana».

Bluesa, hamar urtez

Garrantzitsua da, beraz, Zizurkilen egin duten lana. Duela hamar urte antolakuntzaren zama ez zegoen ondo banatuta, antza; lagun gutxi batzuek hartzen zuten jaialdia antolatzeko ardura. Egoera, baina, zeharo aldatu da: «Esan ahal dugu azken urteotan Blues Gaua elkarlanaren emaitza izan dela. Egun, ez dago pertsona bakar bat hau bultzatzen, lantalde bat baizik», azaldu du Maider Agirrek. Zizurkilgo Udala eta herriko hiru taberna horiekin batera, taldeekin harremanak jorratzen dituzten laguntzaileak daude lantaldean.

Antolatzaileek lana, egitaraua bera nabarmendu nahi dute, elkarlan horren emaitza. Markos Untzeta Trio izango dugu lehenik, 22.30ean, Atxulondo tabernan. Untzetak «Mississippi» diskoa kaleratu berri du. Bertan, eibartarrak gospela, countrya eta bluesa uztartzen ditu.

Hortik ordubetera eta taberna berean, Doctor Deseo taldeko abeslaria, Xabi, eta Petti egongo dira. Biek gogoko dituzten kanten inguruko proiektua aurkeztuko dute.

00.15ean, Egarri tabernan, Nico Wayne Toussant aho-soinu-jotzailearen taldeak Chicagoko blues elektrikoaren bidezidorretatik eroango gaitu.

The Mighty Calacas, Marcos Collek lagunduta, izango dira azkenengoak: Pasus tabernan, 1.30ean. Azken saio hau festarako gonbita dugu. Soula, funkya, surfa eta groovea ekarriko dizkigute.

Blues Gaua: elkarlanak dakarrena

«Hasiera batean, Blues Gauaren antolakuntzaren ardura, zama, pertsona gutxi batzuek hartzen zuten», azaldu dio GARAri Kultura teknikari Maider Agirrek. «Horien artean, aipatu beharko genuke, bereziki, Imanol Eizmendi eta bere taberna zena, Aurrera. Horrek ez du esan nahi saltsa horretan jende gehiago ez zebilenik, jakina. Handik, esfortzu haietatik, sortu zen egun dugun lantaldea».

2003. urtetik, blues ekitaldi honetan buru-belarri aritu zen Aurrera taberna. Duela urte bi, baina, taberna desagertu egin zen. Hark utzitako lekua Pasus tabernak hartu zuen. A. H.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo