Alde Zaharreko auzotarrek Udalaren «baldarkeria eta lotsagabekeria» salatu dute
Alde Zaharreko auzotarrak Udalak agindutakoak betetzen ez dituela-eta kexu dira. Eurentzat politikarien promesek ez dute deus balio. Azken urteetan Alde Zaharra hobetzeko aurkeztu dituzten proiektuak -Landatxoko kiroldegia, Pilota museoa...-bertan behera geratu dira.
Ion SALGADO |
Alde Zaharreko auzotarrentzat Gasteizko Udalaren hitzak ez du deus balio. Atzo, auzoko erakunde nagusiek bat egin zuten hiriko agintari politikoen «baldarkeria eta lotsagabekeria» salatzeko. «Hitza eman bai, ematen dute, baina oso gutxitan betetzen dute agindutakoa», nabarmendu zuten.
Gasteiz Txiki elkarteko egoitzan egindako prentsaurrekoan Barrenkaleko eta Gasteiz Txikiko kide banak hitz egin zuten auzotarren izenean, eta azaldu zutenez, Udaleko agintariek azken urteotan «muzin egin diete behin eta berriz» auzotarrek aldarrikatu dituzten behar sozialei eta horien gaineko eskakizunei.
Bozeramaileek Udalak Alde Zaharrean gauzatu ez dituen hainbat proiektu aipatu zituzten. «Landatxo Kiroldegia, Alde Zaharreko muinora iristeko igogailuak, auzoa argiztatzeko proiektua, gizarte birgaitzerako mahaia, Landatxoko aparkalekua... adibide gutxi batzuk dira», zehaztu zuten.
Era berean, URBAN egitasmoaren -Europar Batasunak martxan jarritako programa- barruan, «ustez behar sozialei bideratu beharreko dirua beste kontu batzuetan» xahutzen ari direla ohartarazi zuten. «Eta hori guztia gutxi balitz, auzotarrak aintzat hartu gabe, auzoari zer komeni zaion erabakitzen dutenean, auzotarrok egiten ditugun eskakizunei muzin egiten dietenean, diru publikoa xahutzen dute, eta aurreikusitako milioiak erabili gabe gelditzen dira euren baldarkeriagatik», kritikatu zuten.
Kontzentrazioa
Egoera hori salatzeko asmoz, bildutako elkarteek kontzentrazio zaratatsu bat egingo dute bihar 13.30ean Aihotz plazan dagoen «faroloian». «Politikariak lotsagabeak, erakundeak ezgaiak! Alde Zaharra bizirik!» goiburuarekin, Udalak azken urteetan agindu eta bete ez dituenak agerian utziko dituzte.
«Larunbateko mobilizazioan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu auzotar guztiak. Goituta gaude politikari lotsagabe eta erakunde baldarrekin. Ez dezatela erabaki gure ordez, entzun gaitzatela, bete ditzatela euren promesak, eta ez dezatela xahutu guztion dirua», azpimarratu zuen Begok.
Gasteiz Txikiren egoitzan bildutako auzotarrek azaldu zutenez, 2008. eta 2010. urteen artean Arabako hiriburuko Udalak ez zituen erabili Alde Zaharra hobetzeko aurreikusitako 28,8 milioi euroak.