GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasleen protesta gogorren artean berritu du EHUk bere Gobernu Kontseilua

Euskal Herriko Unibertsitateak Gobernu Kontseiluaren berrizketa bozkatu zuen atzo, Ikasle Abertzaleko kideak murrizketen kontra, eta unibertsitatea euskalduntzearen alde burututako protesta latzen artean.

p021_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

EHUko Gobernu Kontseiluaren kideak zeintzuk izango diren erabaki zuen atzo unibertsitateko Klaustroak, Abandoibarran kokatutako Paraninfoan egindako sesio berezian.

Kontseilu berria martxoaren 27an eratuko da ofizialki, eta 45 kidek osatuko dute, aurreko Gobernuan baino zortzi gehiago. Errektoreaz gain, zortzi errektoreorde hautatuak izan ziren atzo, Kontseilu Sozialeko bi kide, eta Klaustroak hautatutako beste 30 lagun.

Halere, ez zen jardunaldi lasaia izan Kontseiluko kide berrientzat, Ikasle Abertzaleak sindikatuak aurrera eramandako protesta gogorren ondorioz. Unibertsitate publikoan egindako murrizketen kontra, eta EHU euskalduntzearen alde burutu zuten kontzentrazioa eraikinaren sarreran, pankarta eta txilibituekin «armatuta».

Pankartako leloak, esan bezala, irakaskuntzaren euskalduntzea eskatzen zuen («Euskeraren aurkako erasoak erantzun» edo «Estudia en Español» ironikoa). Beste batzuk, unibertsitate publikoaren funtzionamendua gogor kritikatzen zuten («Ikasleon hitza errespetatu», «UPV: Antidemokratikoa»)

Hirurogei bat gazte, eguerdiko hamabiak aldera eraikinaren kanpoaldean kontzentratu ziren, aurpegietan sudurrak edo bestelako apaingarriak eramaten zituztelako «Klaustroa bihurtu den zirkua salatzeko» argitu zutenez.

Paraninfoan zaintzen zuten segurantza pribatuko kideekin negoziatu ostean, gazteak eraikinaren sarreran barneratzea lortu zuten, bozkaketa egin zen aretotik eraikuntzaren irteerarte korridore «beldurgarria» sortuz.

Gobernu Kontseilu berriko kideak tanttaka irtetzen ziren heinean, ikasleen txistuak eta orruak entzun behar izan zituzten, «Ikasleon hitza, errespetatu!» leloa hormen kontra burrunbaka zebilela.

Protesta bukatuta, Ikasle Abertzaleetako kideek asanblada antolatu zuten kanpoaldean, klaustroan egindako bozkaketen balorazioa egiteko, eta hurrengo bi urteetarako sindikatuaren diskurtso politikoa finkatzeko.

Irati Mogollón izan zen hitza hartu zuena, eta egindako ekintzagatik kideak zoriondu ondoren, IA «zirku honetan ez duela parte hartu nahi irudikatu dugula» adierazi zuen. Bere ustez, ikasleak «txotxongilo hutsak gara EHUren burokratizazio eta jarrera antidemokratikoaren konglomeratura honetan» eta hortaz, sindikatu abertzalea «ez du eguneroko lanik burutuko Klaustroan».

Boikota, halere, ez da osoa izango, «ikasleentzat funtsezkoak diren asuntuak» jorratzen direnean, esaterako «euskeraren edo murrizketen» inguruko gaiak. «Hor egongo gara, ikasle ezkertiar eta abertzaleen ahotsa eramaten», adierazi zuen Mogollonek.

Bukatzeko, harenga bota zien bildutako kide guztiei, lan egiten jarraitzera animatuz, «etorriko diren oztopo eta traba guztien» gainetik «unibertsitate eredu berria sortzeko».

«Zirkua»

Ikasle Abertzaleetako manifestariak sudur gorriak eta pailazoekin lotutako bestelako aparailuak jantzi zituzten, EHUren Gobernu Kontseiluaren «zirku»aren parte ez dutela nahi izan salatzeko.

istilurik ez

Ertzaintza eta Bilboko udal polizia manifestarien inguruan agertu arren, protestak izaera baketsua izan zuen une oro, eta ez zen inolako istilurik sortu, ekitaldiak aurretik baimen guztiak eskuratuta zituelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo