GARA > Idatzia > Kultura

Helsinkin Guggenheima egiteko baimena eman du Bilbok, betiere bera Europan areto nagusia bada

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren batzorde betearazleak osagarritzat jo du Finlandiako proiektua. Baldintza: Europara datozen erakusketak lehenengo Bilbori eskaintzea.

GARA | BILBO

Bilboko Guggenheim Museoko Fundazioak ez du «mehatxutzat» ikusten Helsinkin egin nahi den museo berria. Are gehiago, «aukera berriak» zabalduko dizkiola uste dute Bizkaiko museoak. Atzo goizean izan zuen bilera Lakua eta Bizkaiko Diputazioa bazkide nagusi dituen Bilboko museoko Fundazioaren batzorde betearazleak, eta Finlandiako proiektuari onespena eman zion.

«Izan ere, guztiz ezberdinak dira bakoitzak erakarri nahi duen publiko motaren jatorri geografikoa eta eredu kontzeptuala. Hori dela eta, lehian ibili beharrean elkarlanean arituko dira eta ikuspegi eta helburu ezberdinetatik abiatuta, batak besteari modu positiboan eragingo dio», adierazi zuten bileraren ostean bidalitako oharrean.

Baldintzak ere zehaztu zituzten bilera horretan. Onespena eman bai, baina «betiere Solomon R. Guggenheim Museumek antolatutako erakusketak Europara etortzen direnean, aurreneko egoitza izateko aukera Bilboko museoari eskaintzen bazaio», argitu zuten. Euren esanetan, modu honetan «Europako egoitzetako erakusketen kostuak banatu egingo lirateke, dirua aurreztuz, eta, gainera, elkartrukea sortuko litzateke alderdi tekniko, profesional, artistiko eta kulturaletan. Horrek denak ezagutza sortzea eta banatzea ahalbidetuko luke, bakoitzaren identitatetik abiatuta kultura aberastea ekarriko luke eta, halaber, elkarlanean proiektuak egiteko aukera emango luke».

Oharrean zehaztu zutenez, Bilboko museoak «iritzia emateko eskubidea izango du Helsinkiko proiektuan sor litezkeen aldaketen inguruan, eta Europan beste edozein Guggenheim proiektu egitekotan, onespen eskubidea ere izango du, orain arte bezala».

Helsinkik 12.000 metro karratu inguruko museoa sortu nahi du, hiriaren erdigunean, hegoaldeko portuan zehazki. Kostua 140 milioi eurokoa aurreikusi dute. Museo berriak ez luke bilduma propioa izango eta arkitektura eta diseinura bideratuta egongo litzateke. Horregatik gainerako Guggenheim museoen kultur eskaintzaren osagarri gisa ikusten dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo