GARA > Idatzia > Kultura

«Sartaldeko euskaldunei» erantzuten dien hiztegia berritu du Labayru ikastegiak

A. ARRUTI | BILBO

Labayru ikastegiak “Labayru hiztegia”-ren euskara-gaztelania edizio eraberritua aurkeztu zuen atzo Bilbon. Adolfo Arejita zuzendariak azaldu zuenez, hiztegi «diferentea eta berezia» da, «bizkaierari baino gehiago, sartaldeko gizarteari erantzuten» diona.

2003an argitaratutakoaren bertsio eraberritua da honakoa. Ordukoa «bizkaieraren lexikoa finkatzeko lehenengo saio orokorra izan zen eta edizio berri honek, azken urteotan egindako ahalegin eta lanari esker, bizkaiera idatzirako eredu landuagoa eta finkatuagoa eskaintzen du», azaldu zuen Ziortza Eguren Labayruko kideak.

Hiztegiaren edukia ugaritua eta ondua dator: 75.700 sarrera, 47.200 adibide eta 47.300 sinonimo biltzen ditu, baita gramatika-eranskin bat ere. Terminologia zientifikoaren kopurua ere handitu egin da eta guztira 53 jakintza-arlotako 12.000 termino inguru batu dira.

Paperean ez ezik, sarean ere kontsulta daitezke Labayruren hiztegi biak (euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara), www.labayru.org/labayruhiztegia.html helbidean.

«Ahozko berbeta bizia»

Lehenengo edizioan bizkaiera eta euskara batua batera landu ziren eta honakoan ere horrela egin dute; bizkaerako formaren ondoan hiztegi batukoa adierazia dago. Baina hiztegi eraberritu honetan, saiakera berezia egin da «ahozko berbeta biziaren eta literatura-tradizioaren erakusgarri» izan dadin. Hiztegia herri hizkerako hitz, esaldi eta esaerekin osatu dute eta, Egurenek azaldu zuenez, «aldi berean, idazle zahar eta berriago onenen hizkera-ekarririk ederrenak jasorik dakartza».

Modu honetan, hitzaren itzulpenaz gain, esaera zaharrak, bertso eta koplak ugari dira adibideetan, baita sinonimoak ere, «honela erabiltzaileak ez du zertan beste hiztegi batera jo». Atzo Bilbon egindako aurkezpenean, esaterako, «guzur» hitza erabili zuten adibide gisa. «Horrek guzurrak uraren moduan botaten ditu», «Guzurra esan nuen Getarian, ni baino lehen zan atarian» eta gisa horretako esaerak topatuko ditugu sarrera horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo