Ihintza Oxandabarats eta Julen Mujika askatzeko eskatu dute 24 hautetsik
A. MANTEROLA |
Garazi-Baigorriko Herri Elkargoko 24 hautetsik (horietatik 20, auzapezak) duela hiru hilabete espetxeratu zituzten Ihintza Oxandabaratz eta Julen Mujikaren askatasuna eskatu dute mozio baten bidez.
«Horrelako jokamoldeak abian den bake prozesua zangotrabatzen» dutela nabarmenduta, bi estatuei dei egiten diete «tentsioa baretzera eta euskal gatazka politikoaren konponbidea bultzatzera».
Jean-Michel Galant Herri Elkargoko buruak gutun bat bidali dio epaileari horren berri emanez eta bi gazteak berehala aske uzteko eskatuz.
Haurdun
Ildo beretik, Gamartheko Herriko Etxeak beste mozio bat onartu du, eta Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilari berdeak eta Jean Lassalle MoDemeko diputatuak ere gutun bana bidali diote epaileari.
Atzo egindako agerraldian, haurdunaldia amaitzear dagoen Ihintza Oxandabaratzen egoera «bereziki gogorra» dela adierazi zuen Askatasunak. Joan den asteartean pausatu zuten abokatuek askatasun-eskaera lehenbailehen onartua izango dela espero dute.