Ariane Kamio Kazetaria
Beldurrak eta erronkak
Amari galdetzen genion txikitan kartzela zer eta nolakoa zen; zergatik sartzen zuten jendea han, zer egin ote zuten bertan egoteko. Amak, mehatxu baliabide gisa erabiltzen zuen espetxearen azalpena, barnetegiarenarekin egiten zuen bezala. Gaizki jokatuz gero, hara, barnetegira, bidaliko gintuela mehatxu egiten zigun beti, eta gauero etxetik kanpo lo egin beharko genuela esan, amarik eta aitarik gabe, bakarrik; han ez zigutela ez negarrek, ez eta erreguek ere, ezertarako balioko.
Barnetegiak espetxearekin alderatzen genituen orduan, bakardaderik bakarrenaren zeinu bilakatu ziren gutako askoren bizitzan, eta krudelkeria generitzon haur hobengabe bat filmetako moja gupidagabe haien esku guztiz bakarrik uzteari.
Mehatxuak soilik zirela ohartu ginen gero, nahiz eta efektu handiko zemaiak izan. Zutunik, tente, eta hitzik esan gabe, erne begiratzen genion amari barnetegiaz eta espetxeaz aritzen zen bakoitzean, eta negar malkoak erortzen zitzaizkigun masailetatik behera geure burua halako egoera batean irudikatzen genuen bakoitzean.
Amaren hitzek eragindako beldur hark aldarazten zuen gure portaera, eta beldur horren eraldaketarekin iraun dugu urteetan zehar, beldurra baita gizabanakoak biziraupenerako duen mekanismoetako bat; hura gainditzeak ekartzen du nolabait nork bere erronkak garaitzea.
Barnetegien urteak gaindituta, kartzela etorri zitzaigun gainera. Helduen kontuak zirela uste izan genuen nerabezaroko denbora desinformatuetan, edo informatzeko gaitasunik ezean. Baina ohartu ginen espetxearen neurriaz eta zer pentsatua eman zigun eta ematen digu egun.
Orain, ama bera da kartzelaren zentzuaz galdetzen duena eta gaizkileen ghetto hartatik kontatu ziguna biluzian uztera ausartzen ez dena. Guk, xalo, erdizkako gezur-egia horiei eusten diegu, eta amari esan espetxean bizirauteko arrazoirik badela, eta etxera itzultzeko unea guztientzat iristen dela, mehatxupean nahikoa biziraun dugu-eta. Orain ere negar egiten dugu, baina beldurrak erronka bilakatzen ikasi eta gero.