GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Nire feminismoa

Nire feminismoa ezker eskua da. Kobazuloetako margoak sinatzen zituen eskua. Eskolan, euren izaera errotik aldatzera bultzatu nahi zituzten ezkertien eskua

Nire feminismoak ez dauka zerikusirik martxoaren 8arekin. Baina ezinezkoa litzateke gau horretako ilargi beterik gabe.

Nire feminismoak ez dauka zerikusirik alu eta zakilekin, goranzko gezi eta beheranzko gurutzearekin. Baina beraiek gabe ez luke zentzurik izango.

Nire feminismoa ez da taldean biltzen indartsu sentitzeko. Baina intolerantea izan nahi du, une oro, ahularen sufrimendu isilaren aurrean.

Nire feminismoa ez da kolore lilarekin identifikatzen. Baina oso kolore polita iruditzen zaio.

Nire feminismoak ez ditu kupo edo etiketak ulertzen. Baina badaki gu bizitzara ekartzeko botere magikoa duenak ezberdin begiratzen diola munduari.

Nire feminismoak ez ditu ulertzen mutilek joan ezin duten plaza erdiko bazkariak. Baina sano ideia ona begitantzen zaio Portu Zaharreko andreek euren txoko, edo soziedadea, edukitzea antzinatik.

Nire feminismoak ezin du sinistu hanka artekoak bereizten dituenik biktima eta borrero potentzialak. Baina esperimentatu du atea zabaltzen denean jipoitua izango dela dakienaren panikoa. Eta behin, gehien maite zuenaren berbek bizipoza galarazi eta minbizi ulertezin batek hil zuen bat ezagutu zuen.

Nire feminismoak ez daki ze aurrerapen mota den frakak janztea, Alemaniarik neoliberaleneko lehendakari izatea edo sarraski bat ospatzen duen desfile militar bateko konpainia bat sortzea. Baina badaki hirurak energia iturri izan litezkeela emakume batzuentzat.

Nire feminismoak bere pentsaeraren indar osoz gorroto du patriarkatua. Eta ondorioz, bere oinarria den monogamia. Euskarazko senidetasun izenek askoz ederragoa den harreman eredua irakatsi diote. Baina barruan kristau txiki bat iltzatu zioten. Eta irrazionalki maite du, arrazionala bada ez zaiolako maitasuna iruditzen. Orduan, bihotz taupadek ez diote argudio askatzaile horiek entzuten uzten. Gainera, bere eskualdeko zaharrek «maite» esateko «neure» esaten dute. Eta hori gerra zibil odoltsu bat da bere barruan.

Nire feminismoa ezker eskua da. Kobazuloetako margoak sinatzen zituen eskua. Eskolan, euren izaera errotik aldatzera bultzatu nahi zituzten ezkertien eskua. Ohitura zaharren legez, txistua edo xirula jotzeko erabili behar den eskua. Eskuma ezpatarako baita, gaur pistolarako den bezala. Pertsona txarrak eta onak, bere alde iluna ezkutatu nahi zuen batek asmatu zituen. Guztiok gara iluna eta argia, suntsipena eta sorkuntza, ezpata eta xirula, eta bai, zertarako ezkutatu, maskulino eta femenino, proportzio ezberdinetan.

Nik nire ezker eskuan sakonduz eraiki gura dut bizitza. Eta ezker eskuan oinarritutako komunitate batean bizi gura dut. Hori da nire berdintasun eredua. Guztion alderdi femenino eta maskulinoa, sortzaile eta suntsitzailea ulertu, onartu eta bideratuko duen gizarte eredua Zein alderdi potentziatzen dugun, hor dago etorkizuneko erronka. Eta ni eskumako eskuan oinarritutako berdintasun ereduaren aurka nago.

Barka beza mindua sentitu bada inor. Baina horrelakoa da nire feminismoa. Horregatik ez naiz feminista kontsideratzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo