GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lasserrek dio «pays» egitura eskas geratzen dela Ipar Euskal Herriarentzat

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Hautetsien eta Garapen Kontseiluetan Ipar Euskal Herrirako egitura administratiboari buruzko eztabaida gori-gorian dagoen honetan, Jean-Jacques Lasserre lehenengo Kontseiluko lehendakariak «gaur egun indarrean dagoen pays egitura ez dela nahikoa» adierazi zuen atzo, Baionan.

Hauteskunde garaiotan «etenaldian» dagoen erakundeen erreformak egitura horren jarraipena aurreikusten duen arren, eta instituzio formal bat ez izateak gaiak adosteko orduan eskaintzen duen «malgutasuna» aitortzen badio ere, Lasserreren ustez, «elkarte estatuaren ahalmenak eskas geratzen dira» Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako premiei aurre egiteko.

Harago oraindik; «ahalmen fiskal txikia (%5 edo %10)» izango lukeen herri elkargo bat ere ez dela «panazea» gaineratu zuen, aipatu bi Kontseiluetan daramaten «hausnarketa sakonari esker, bide egokia aurkituko» dutela sinistuta.

Gai horri lotuta, Altsazia, Korsika eta Ipar Euskal Herriari buruzko egoera instituzionalaz azterketa egin dezan Senatuak Georges Labazee senatari sozialistari emandako mandatuari buruzko zehaztasunak eskatu dituela ere jakinarazi zuen Lasserrek.

Sei hilabete Senatuan

Senatari karguan daraman sei hilabeteetako balorazioa egiterakoan egin zituen adierazpenok. Hain zuzen, abenduan erakunde horretan Euskal Herrian irekitako konponbide prozesuaren harira Pariseko Gobernuari planteatu zion galderak ez duela erantzunik jaso berretsi zuen.

Halere, bere esanetan «garrantzitsuena» da Gobernuari sentiaraztea bake prozesuari buruz behin eta berriro interpelatua izango dela. Parisen aldetik «ikuspegi boluntaristagoa» izango delakoan, bere interpelazio lanarekin segitzeko asmoa azaldu zuen.

Euskal senatariak jendearekin harremana bermatzeko bulego bana ireki ditu Baionan eta Pauen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo