«Tabloideen erregina» atxilotu du berriro ere Polizia britainiarrak
Polizia britainiarrak sei pertsona atxilotu zituen, tartean Rebekah Brooks, Rupert Murdoch enpresariaren babesekoa, eta bere senar Charlie Brooks, David Cameronen lagun handia, entzuketen kasuarekin lotuta.
GARA | LONDRES
Rebekah Brooks, «News o the World» egunkari britainiarreko zuzendari ohia, bere senar Charlie Brooks eta beste lau pertsona atxilotu zituzten bart Britainia Handian. «The Daily Telegraph»-en eta Sky News telebista kateak adierazitakoaren arabera, atxiloketek egunkari horretako kazetariek pertsona publikoei eginiko legez kanpoko entzuketa kasuekin zerikusia dute.
Atxiloketok Rupert Murdoch, munduko hedabide talderik handienaren jabea -baita entzuketetan nahastuta dauden egunkariena ere-, eta David Cameron lehen ministro britainiarra lotsagarri utzi dituzte; lehenari dagokionez, bere babesekoa zen Rebekah Brooks bigarren aldiz atxilotu dutelako, eta, bigarrenaren kasuan, senar-emazteekin eta hedabideetako hainbat enpresarirekin dituen harreman estuen ondorioz.
Martxoan, Britainia Handiko lehen ministroak Poliziak Rebekah eta Charlie Brooks senar-emazteei oparitutako zaldi baten gainean ibili zela onartu behar izan zuen eta behin baino gehiagotan adierazi izan du Charlie Brooks bere lagun handia dela, hain zuzen ere, eskola berean ikasi zutenetik.
Atxiloketak gertatu ondoren, Murdoch eta Cameronek ez zuten inolako adierazpenik egin.
Rebekah Brooks, «tabloideen erregina», ustelkeria eta entzuketak egin izanaren susmopean iazko udan atxilotu eta galdekatu zuten. Horren ondoren baldintzapean aske utzi zuten, baina eskandaluaren ondorioz dimisioa aurkeztu behar izan zuen.
Polizia britainiarrak guztira sei pertsona atxilotu zituen Oxfordshire, Londres, Hampshire eta Hertfordshiren. Atzemandako sei kideei justiziaren lana oztopatzeko konspiratu izana leporatzen diete.
Londresko Poliziak atxilotuak nortzuk ziren jakinarazi ez bazuen ere, komunikabide britainiarrek, senar-emazteez gain, News International enpresako segurtasun arduraduna -Mark Hanna- atxilotuetako bat dela plazaratu zuten.
Atxiloketak goizeko lehen orduan egin zituzten eta gero guztiak komisaria ezberdinetara eraman zituzten galdekatzeko. Bitartean, Polizia britainiarrak atxilotuen etxeetan miaketak egiten jarraitu zuen. Guztira, «Weeting» operazioa hasi zutenetik, 23 pertsona atxilotu dituzte.
Ikerketa urtarrilean hasi zuten, Londresko Metropoliko Poliziak «News of the World» -entzuketen eskandaluagatik argitaratzeari utzi zion egunkaria-, «The Sun», «The Times» eta «The Sunday Times» egunkariak argitaratzen dituen News International enpresaren inguruko informazio berria eskuratu zuenean.
Ikerketen arabera, «News of the World» egunkariarentzat lan egiten zuten hainbat kazetari eta detektibe zenbait pertsonaren telefono mugikorren erantzungailuetako mezuak entzuten aritu ziren -pertsona publikoenak, bai eta soldadu britainiarren senideenak ere- euren inguruko berriak argitaratu ahal izateko.
Entzuketen eskandaluak News Corp Rupert Murdoch enpresariaren multinazionalaren irudia zikintzeaz gain, Polizia britainiarrarena -ustez agente batzuek dirua jaso zutelako- ere lohitu du, bai eta Brooksekin eta Murdochen enpresetako beste zuzendari batzuekin harreman estua zuten hainbat politikari britainiarrena ere.