GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Osasunbidea: gezurra gezurraren gainean

Nafarroako Osasun kontseilariak, Marta Verak, atzoko agerraldian defendatu egin zituen Osasunbidean eginiko murrizketak. Ezin beste modu batera izan. Jokabide hori UPNren borondate politikoaren eta erabaki zehatzen ondorio da, dirua aurreztu eta defizita kontrolatzeko aitzakian, guraizeak ez ezik, motozerra ere erabili baitu gastu sozialen partidetan. Osasunbidean egin duten triskantza zuzen-zuzenean nozituko dute laborategietako langileek, ospitaleen arteko garraioa darabilten pazienteek, Iruñeko ospitaleko sukaldeko langileek eta, oro har, nafar guztiek. Verak ez du egia hori ezkutatzerik. Hala ere, egiaren ezagutzak ez ohi du gezurren trafikoa ekiditen.

Krisiarekin pagotxa ederra bilatu dute gezurretarako. Gezurra baita Osasunbidean murrizketak ez daudela iradokitzea, are, zenbakiei begiratu hotz bat botaz gero, azken bi urteetan hamar eurotatik bat gutxiago daudela ikusita. Eta hori ez da, Vera kontseilariak lasai-lasai esan legez, «krisiaren gertakizun bat». Datu biluziek hori gezurtatzen dute. Nafarroako barne produktu gordinarekin erkatuz gero, osasungintzarako erabiltzen den dirua %5,6ko izatetik, %4,6 izatera pasa da, eta horrek, argiro erakusten du erabaki politiko bat dagoela hor atzean. Aurten inauguratzekoak ziren osasun azpiegitura gehienak egin ez izanak erakusten duen bezala. Veraren politika borrokatu egin behar da. Bere gezurrak, ozen salatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo