Bilbotar gazteen artean euskara sustatuz «Harrapazank» abiatu da
Jon ADAN | BILBO
Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak abian jarri du «Harrapazank» programaren zazpigarren edizioa. Euskara Zuzendaritzak, Topagune Euskara Elkarteen Federazioarekin batera, abian jarritako ekimena da «Harrapazank». 12 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrentzat euskara, hezkuntzatik aparte, eguneroko hizkuntza izatea du xede programa honek; eta horretarako, jarduera erakargarri berriak eskaini nahi dizkie gazteei.
Aurreko edizioetako Distirazank eta Dantzazank gazteentzako musika eta dantza lehiaketak bateratu, eta aurten Harrapazank Eszenatokia izeneko lehiaketa sortu dute. Hartara, 188 gaztek eman dute izena, 53 taldetan banatuta. Finala martxoaren 31n izango da Bilborock aretoan, eta 1.500 euroko saria izango da irabazlearentzat.
Argazki lehiaketa eta desfilea
Bestalde, Harrapazank Kalea argazki-lehiaketa izango da zazpigarren edizio honetan. Bilboko irudiak igo behar dira www.harrapazank.com/argazki-lehiaketa/ webera eta horietatik aukeratuko du epaimahaiak irabazlea. Epaia martxoaren 31n emango dute ezagutzera Bilborock aretoan.
Gainera, Zergatik arropa-markaren eskutik, moda-desfile bat izango da aurten, hain zuzen, martxoaren 25ean, Bilborocken. 40 gaztek parte hartuko dute eta profesionalek osatutako epaimahaiak aukeratuko du talde irabazlea. Desfilea amaituta, Ukabila taldeak doako kontzertua eskainiko die bertaratutakoei. Bilboko laukote honek joan den edizioan irabazi zuen.